Etzi, eguaztenean hasiko dira Aozaraza kaleko eraberritze lanak.

2013/12/02
Card image cap
Hiru hilabetez luzatuko diren obrak tarteko ezin izango da kaleko garajeetara autoekin sartu.

  Udalak, garaje jabeei Kalegoienako lurrazpiko aparkalekua erabiltzeko aukera eman die. Baina horretarako eskaera egin behar da udaleko zerbitzuak departamentura joanda. Eskaera egin duten lehen auzotarrei banatu zaizkie lurrazpiko aparkalekuko hesia irekitzeko txartelak.

  Aozaraza kaleko eraberritze lanak, etzi, eguaztenez hasiko dira eta hiru hilabetez luzatuko dira. Kalea guztiz eraberrituko da, irisgarritasun baldintzetara egokituz. Plataforma bakarreko kale bihurtuko da eta oinezkoei lehentasuna emate aldera, autoen aparkalekuak eta trafikoa mugatu egingo da. Baina kalea asfaltatu aurretik azpiegiturak berrituko dira. Gipuzkoako Urak enpresak ur hornidura eta ur zikinen saneamendu sareak aldatuko ditu, Oñargik, aireko elektrizitate hariteria lurperatuko du eta Telefonikak ere fatxadetan zintzilik doan hariteria lurperatuko du. Lanok, Bellotza denda atzealdeko zabalgunean hasiko dira eta Portalekua aldera egingo dira.

  Baina kalea bera lanak hasi orduko itxiko da trafikorako. Horretxegatik, eta zulaketa lanak asteazkenean hasiko direnez Aozaraza kalean garajea dutenei asteazken goizalderako autoak ateratzea eskatzen zaie. Gero ezin izango baitute bertara ez sartu ez irten, ez behintzat, lanak hiru hilabete barru amaitu arte.

  Gogoratu, Aozaraza kalean egingo diren eraberritze eta irisgarritasun lan hauezaz gain, inguruan eraitsi ziren lau etxe eraikinen orubeak egokituko direla eta hauen pareko errotondaren biraketa-erradioa handituko dela.

   Lanak, Egaralur enpresak egingo ditu 194 mila euro gehi BEZaren truke.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!