Etxez etxeko laguntza zerbitzuaren erabiltzaileek gehienez ordaindu beharko duten prezioa berriro merkatuko da

2019/03/11
Asteguneko orduaren prezioa 15 eurotara eta igande eta jaiegunetako 20 eurotara mugatu du Udalak

  EUDELek, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak osatu zuten Erakundeen Mahaiak, etxez etxeko laguntza zerbitzuaren prezio publikoak finkatu zituen, besteak beste. Zerbitzua ematen duten enpresekin tokian tokiko udalek adostuta duten prezioa dena-delakoa izanik ere, erabiltzaileek ordainduko duten gehienezkoa parekatzea da helburua. Prezio publiko horiekin bat egiten duten udal guztietako herritarrek prezio berbera ordainduko baitute etxez etxeko laguntza zerbitzuaren truke. Eta enpresekin adostutakoa osatu arteko kopurua udalek jarriko dute. Oñatiko udalak prezio publiko horiekin bat egitea erabaki zuen azken Osoko Bilkuran, aho batez. Etxez etxeko laguntza zerbitzuaren prezio publikoa arautzen duen arautegian aldaketa puntuala egin da jada, erabiltzaileek ordaindu beharrekoa mugatuz.

  2017ra arte Oñatiko erabiltzaileek etxez etxeko zerbitzuaren kostu osoa ordaintzen zuten, baldin eta udal dirulaguntzarik jasotzen ez bazuten. Orain bi urte ordea, prezioaren zati bat udalak bere gain hartzea erabaki zuen eta Foru aldundiak zerbitzuagatik finkatuta zuen ordu preziora egokitu zen erabiltzaileen ekarpena, ordura artekoa merkatuz. Izan ere, orduko 22,78 €  ordaintzetik 18,87 € ordaintzera pasa baitziren, diferentzia, udalak ordainduz. Kontu egin behar da etxez etxeko zerbitzuaren onuradunak dituen diru sarreren araberako ekarpena egiten duela; badira, zerbitzu ordua bere osotasunean ordaintzen dutenak eta badira % 1,5a soilik ordaintzen dutenak ere.

  Une honetan, Oñatin, 70en bat familiak dute etxez etxeko laguntza zerbitzua. Onartu berri diren prezio publikoen arabera, guztiei merkatuko zaie zerbitzua, gehiago edo gutxiago.   

Iturria: Oñati Irratia