Etxe partikularretan su detektagailuak jartzeko 2020 kanpaina hasi du udalak

2020/02/04
80 urte izan eta bakarrik edo 80 urte beteta dituen beste lagun batekin bizi diren herritarrek eskatu dezakete, azaroaren 30era bitartean

  Eskaera egiteko epea luzatu izana da su detektagailuak jartzeko aurtengo kanpainak duen berritasuna. Urriaren 31ra arteko epea zegoen orain arte, azaroaren 30a artekoa izango da aurten. Bestelakoan, ez dago aldaketarik aurreko urteetako deialdiekiko.

  80 urte izan eta etxean bakarrik edo 80 urte dituen beste lagunen batekin bizi direnei zuzenduta dago etxean su detektagailuak jartzeko kanpaina. Gazteagoek ere eskatu dezakete udalaren laguntza. Mendekotasun, bakardade edo arrisku egoeran bizi direnek ere su detektagailua jartzeko laguntza eskuratu dezakete, baldin eta udaleko Ongizate batzordeak aldeko ebazpena egiten badu, dagokion balorazioa egin ondoren. Interesa duenak, eskaera, udaletxean, HAZ zerbitzuan egin behar du.

  Eskaera onartuta, instalazioa egingo dien teknikoen bisita jasoko dute herritarrek etxean. Ke detektagailua instalatu aurretik sua sortzeko arrisku fokuak identifikatu eta prebentziorako oinarrizko gomendioak emango dira. Etxearen krokisa egingo dute, beharra balego ebakuazioa erraztu eta arintzeko. Azken urratsa berriz, beharrezkoak diren su detektagailuak jartzea izango da. Udalak bere gain hartuko du bai su detektagailuak jartzearen kostua eta hauen ondorengo mantenu gastua ere.

  Iaz 9 etxebizitzatan egin ziren instalazio berriak. Berez, 11tan egitea onartu zen baina bik ezezkoa eman zuten azken orduan. 9 instalazio berri horiezaz gain beste 111etxebizitzatan jarrita zeuden aparatuen mantenu lana ere egin zen. Kasu guztietan, gastua, udalaren kontura izan zen.

  Aurtengo kanpainari aurre egin ahal izateko5000 euroko partida gorde du udalak.

Iturria: Oñati Irratia