Etxe partikularretan su detektagailuak jartzeko 2019 kanpaina hasi du Udalak

2019/02/01
Bakarrik edo 80 urte beteta dituen beste lagun batekin bizi diren 80 urtetik gorako herritarrek eskatu dezakete, urriaren 31ra bitartean

  Udalak, su detektagailuen kanpaina abian jartzeko asmoa zuela aurreratu genuen pasa den astean. Horretarako, aurreko urteetako oinarri eta baldintzak berretsi dira eta deialdi-iragarkia gaur bertan argitaratu da Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, eskaera epea irekiz. Epe luzea, urriaren 31n itxiko  baita. Baina ez ahazteko, interesa duenari behintzat, lehenbailehen egitea gomendatzen zaio.

  Aurten 80 urte egin eta etxean bakarrik edo 80 urte dituen beste lagunen batekin bizi direnei zuzendutako kanpaina da. Gazteagoek ere eskatu dezakete su detektagailuak jartzeko udalaren laguntza; mendekotasun, bakardade edo arrisku egoeran bizi direnek ere su detektagailua jartzeko laguntza eskuratu dezakete, baldin eta Udaleko Ongizate Batzordeak aldeko ebazpena egiten badu, dagokion balorazioa egin ondoren. Interesa duenak, eskaera, Gizarte Zerbitzu Departamentuan egin behar du, Bidebarrieta kaleko 12an. Bertaraino joateko arazoak dituenak, telefonoz deituta ere egin dezake: 943 037 700 zenbakira deituta.

  Eskaera egiten duten herritarrek instalazioa egingo dien teknikoen bisita jasoko dute etxean. Ke detektagailua instalatu aurretik sua sortzeko arrisku fokuak identifikatu eta prebentziorako oinarrizko gomendioak emango dira. Etxearen krokisa egingo dute, beharra balego ebakuazioa erraztu eta arintzeko. Azken urratsa berriz, beharrezkoak diren su detektagailuak jartzea izango da. Udalak bere gain hartuko du bai su detektagailuak jartzearen kostua eta hauen ondorengo mantenu gastua ere.

  Iaz 12 etxebizitzatan instalazio berriak egin ziren eta lehendik 117etxebizitzatan jarrita zeuden aparatuen mantenu lana egin zen. Gastua, udalak ordaindu zuen. Aurtengo kanpainari aurre egin ahal izateko, udalak, 5000 euroko partida gorde du.

Iturria: Oñati Irratia