Oñatiko udala

Etxe partikularretan lanak egiteko baimen eta hobari eskaerak, eta jai kontuak nagusi dira gaurko Gobernu Batzarrerako lan zerrendan

2018/09/13
Card image cap
71 gai jaso dira

  Udako etenaren ondoren udal jarduera normaltasunera itzuli denaren isla da arratsaldeko bilerarako lan zerrenda, pasa den astekoan bi gai bakarrik jaso ziren, gaurkoan 71. Gehienak, 40 hain zuzen ere, Hirigintza eta Zerbitzuak atalari dagozkio eta asko, lanak egiteko baimen eskaerak dira. Ohikoak diren leiho aldaketa, teilatu eta balkoi konponketa edo margotze lanez gain, ukuilua edo oilategia eraikitzeko baimen eskaerak ikusi ditugu. Baita, hainbat eraikin eraitsi edo botatzeko baimenak ere. Hala, aurri edo ruina egoeran deklaratu ziren Ultzegin kaleko 1 eta 3 zenbakidun eraikinak botatzea aztertuko da arratsaldeko bileran. Goribar auzoko 10a den pabilioia eraistearen gaia ere azalduko da. Baina udalak hainbat eraikin jaberi nahiz gazte lokalei errekerimenduak egitea ere proposatuko da.

  Ingurumen eta Landa Garapena batzordearen eskutik zenbait baserritan lanak egiteko obren gaineko zergan hobaria aplikatzeko eskaerak aztertuko dira. Asteburu honetan bertan Haurren Eguna ospatuz hasiko diren herriko jaien egitaraua eta aurrekontua azalduko zaie gobernu taldea osatzen duten kideei. Jai egitaraua datozen egunetan banatuko da etxeetara. Domekan, auzo jaiak ospatzeko Zañartutik egin den eskaera edota uztaila amaieran ospatu zen Duruko festaren likidazioaren berri ere emango da arratsaldeko batzarrean.

   Datorrenean burutuko den Mugikortasun Astea edota Urrutxu zigilatze-osteko 2018ko ingurumen jarraipena eta 2019ko aurrekontu proposamena ere mahai gainera aterako dira arratsaldean. Jabetze eskolaz ere berba egingo da gobernu batzarrean eta urria eta abendua bitarteko ekintzen inguruko xehetasunak azalduko dira.

  Lan zerrenda luzea izango du udal gobernu taldeak gaur arratsaldeko bileran, 71 gai zerrendatu baitira.  

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!