Etorkizuna, lankidetza eta sokaren sinbolismoa behin eta berriz aipatu ziren Eusko Ikaskuntzaren mendeurreneko ekitaldi nagusian

2018/11/26
Euskal Herriko ordezkaritza instituzional zabala bildu zen larunbatean Oñatin

  Sorrerako printzipioak berretsi eta Euskal Herriaren etorkizunaren alde lan egiteko konpromisoa hartu du Eusko Ikaskuntzak bere mendeurreneko ekitaldietan. Euskal Herriak dituen erronkei aurre egiteko proiektu partekatu baten aldeko indarrak batzeko konpromisoa hartu du erakundeak eta zentzu berean aritu ziren 100. urteurreneko ekitaldian berba egin zuten agintariak, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako  lehendakariak, Uxue Barkos Nafarroako lehendakariak, Jean Rene Etchegaray Iparraldeko mankomunitateko lehendakariak eta baita Mikel Biain alkateak ere. Guztiek etorkizuna, lankidetza eta sokaren sinbolismoa errepikatu zuten.

  Soka kontzeptua, jarraipen eta lotura figura moduan. Hala ikusi zen Foruen enparantzan, 1918ko soka dantza berrirudikatu zenean eta hala ikusi zen baita ere parrokian, Eusko Ikaskuntzaren XVIII. kongresua iragartzen zuen kartelean, elkar korapilatzen ziren sokak, alegia.

  Parrokian egin zen Mendeurreneko ekitaldi nagusian Eusko Ikaskuntzaren Adierazpena irakurri zen. Etorkizunerako egitasmo eta helburu berriak proposatu ziren 5 lan ildoren bueltan: globalizazioaren aurrean, demokrazian sakondu eta euskal lurraldeen arteko kohesio eta elkartasunez jokatzea aldarrikatu zen; Euskal Herriaz hausnartzeko esparru bat artikulatu beharra; identitate partekatua eta komunitate egitasmoa eraiki beharra; ekonomia sustatzea, ingurumen eta gizarte-garapen jasangarriaren mesedetan; eta gizarte ongizatera bideratutako gobernantza kolaboratiboa ezartzea. Ahalegin horretan Eusko Ikaskuntza elkarlanean aritzeko prest dagoela azpimarratu zen Mendeurreneko Adierazpenean.

  Euskal Herriko ordezkaritza institutuzional zabala izan zen erakundearen mendeurreneko ospakizunetan. Foruen enparantzan eta parrokian izan ziren, besteak beste, Iñigo Urkullu, Uxue Barkos eta Jean Rene Etchegaray, Eusko Jaurlaritzako, Nafarroako eta Euskal Elkargoko lehendakariak, Ramiro Gonzalez, Unai Rementeria eta Markel Olano Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hiru ahaldun nagusiak, Jesus Loza Espainiako gobernuaren EAEko ordezkaria eta Euskal Herriko hainbat alkate eta hautetsi. Kultura eta gizarte alorreko eragileen ordezkari ugarik ere parte hartu zuen.

Iturria: Oñati Irratia