Espazio publikoen kudeaketarako formula berriak aztergai izango dira "Eltziari eragiten" jardunaldietan

2018/11/13
Card image cap
Bertako nahiz kanpoko esperientziak tartekatuko dira ostiral eta larunbatean Eltzian

  Lehenengo egunean Eltzia bezalako beste proiektu batzuk ezagutzeko aukera izango da bi foro ezberdinetan. Goizean, lan tailerra egingo da tokiko administrazioetako politikari eta teknikariekin. Administrazioaren ikuspegitik espazio publikoen kudeaketa partekatuan sortzen diren zalantzak, zailtasunak eta aukerak eztabaidatuko dira. 11:00tan hasiko den saiora Eltziaz galdezka udalera jo edota Eltzia eratzeko prozesuan erreferente izan ziren toki administrazioetako ordezkariak gonbidatu dira zuzenean. 20ren bat ordezkari elkartzea espero da.

  Arratsaldean berriz, Eltziaren antzeko beste esperientzia batzuk ezagutzeko aukera egongo da, herritar guztiei irekitako saioan. Azken orduko aldaketa bat egon da, Zaragozatik etortzekoa zen ordezkaritzak ezin etorria adierazi duelako. Horien ordez Madrilgo Arganzuela distritoko EVA Arganzuela ekimena ezagutu ahal izango da. Baita aurrez iragarri ziren Getxoko Bentaranoa, Iruñeako Plazara eta Bartzelonako Can Batlló, eta noski, Eltzia. Arratsaldeko jarduna 18:00tan hasiko da eta irekia da, interesa duen herritar ororentzat. Dena den, eta lekua gertatzeko, izena ematea gomendatzen da. Horretarako, udaletxera deituta Onintza Andresekin, Partaidetza teknikariarekin berba egin behar da.

  Larunbatean Eltziako ateak parez pare irekiko dira eraikina bera eta bertan diharduten herriko 25 taldeen lana ezagutzera emateko. Eltziakideek gidatutako bisita egingo da 11:00tan hasita. Bestetik, eta modu paraleloan, Eltziako erabiltzaileek barnera begirako hausnarketa egingo dute egun hutsik dagoen Topagunea espazioak izan beharko lukeen funtzioa eta itxurari buruzko gogoeta egiteko.

  Eltzia eguna ospatuko da larunbatean. Goizeko ekintzen ondoren, trikipoteoa eta bazkaria izango dira. Bazkalosterako bertsolariak eta Herrixa dantzan saioa izango dira. Dantzaldi ludikoa 17:00ak inguruan hasi eta irekia izango da, bertaratu nahi duten guztientzat. 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!