Ondoezak azaldu eta elkarrekin hausnartzeko espazio egonkorra eratuko da Emakumeen Jabetze Eskolaren baitan

2020/10/19
Card image cap
Ohiko ikastaro eta hitzaldi eskaintza izango da azarotik ekainera

  Hori da Emakumeentzako Jabetze Eskolak dakarren berrikuntzetako bat, alegia, ikasturte osoko egitura dakarrela, kurtsoa, bi lauhilabetekoan zatitu gabe. Hilero hitzaldi bana eskainiko da eta horrezaz gain, iraupen eta maiztasun ezberdineko 13 ikastaro antolatu dira: Noka, emakumeon ahalduntzerako tresna; espazio publikoarekiko beldurrak ulertzeko gakoak; musika eta ahalduntzea; zoru pelbikoa indartzeko ikastaroa; nork bere burua zaintzen eta maitatzen ikastea edota autodefentsa feminista ikastaroak antolatu dira, besteak beste. Eskaintza osoa jasotzen duten esku-liburuak astean banatuko dira etxe guztietara. Parte hartu nahi dutenek, liburuxkan dagoen izen-emate orria beteta HAZ bulegoan utzi behar dute edo www.oñati.eus atariaren bitartez izena eman dezakete.

  Baina Bidebarrieta kaleko Euskaldun berria gelan ostegunero eskainiko den espazio egonkorra da aurtengo berrikuntza nagusia; emakumeon ezinegonak azaldu eta elkarrekin hausnartzeko. Espazio egonkor honek dinamizatzaile bat izango du eta emakumeen ondoez eta beharretara egokitutako lanketa eskainiko du. Taldea bera izango da saioen nondik norakoak zuzenduko dituena, eta lanketa jarraitu bat egiteko aukera eskainiko du.

  Jabetze eskola emakumeon topagunerako, eztabaidarako, formaziorako eta saretzerako foro ireki eta anitza da. Lanketa indibidual gisa hasi baina plano kolektibora igarotzen dena. Norbere autonomia eta konfiantza indartuz, gure errealitatea ikuspegi feminista batetik aztertu, eta berau aldatzeko tresnak eskuratzea helburu duen espazioa.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!