Esparru ezberdinetan udalak emango dituen diru laguntzak nagusi izango dira gaurko Osoko Bilkuran.

2015/02/26
Euskara eta kirol arloan dihardutenei zuzendutako diru laguntzen oinarriak eta enpresa berrien sustapenerako, langabetu eta titulatu berrien kontratazioetarako laguntzen arautegiak onartzea proposatuko da.

  15 gai jaso dira arratsaldeko Osoko bilkurarako eta horietako lau, esan bezala, udalak emango dituen diru laguntzei buruzkoak dira.

  Euskara zerbitzuak eman ohi dituen diru laguntzei dagokionean, aurtengo oinarriak onartu eta deialdia zabaltzea proposatuko da. Beste horrenbeste egingo da herriko kirol talde eta elkarteei zuzentzen zaizkien diru laguntzen kasuan ere.

  Enplegua sustatzera bideratutako laguntzen arloan aldiz, arautegi ezberdinak prestatu dira eta horien berri emango zaie udalbatza osatzen duten kideei. Alde batetik, enpresa berrien sustapenerako eta langabetuen kontrataziorako laguntzen arautegia berritu du udalak. Herriko enpresetan proiektuak garatzeko titulatu berriak kontratatu daitezen diru laguntzen lerroa ere ireki du udalak eta horiek biltzen dituen arautegia azalduko da gaurko Osoko Bilkuran.

  Debagoieneko Mankomunitatearen estatutu aldaketa ere aztergaietan jaso da. Pasa den astean aurreratu genizuen bezala, gai honen inguruan tira bira sortu da eskualdeko EAJ eta Bilduren artean. Aldaketak ezkutuan egin izana leporatu diete jeltzaleek Bilduko kideei eta Mankomunitateko ordezkariek erantzun dute legez agintzen diren egokitzapenak soilik egin direla. Baina Mankomunitatea eskualdeko udalek osatzen dutenez, estatutu aldaketak, udalez udal onartu behar dira eta gai, horretxegatik jaso da gaurko bileran aztertu dadin. Oñatin ere eztabaidarik sortzen ote den, arratsaldean jakingo dugu.

  Emakumeen Nazioarteko Egunaren inguruan, torturaren aurka eta giza eskubide guztien alde eta hizkuntza eskubideen inguruan osatu diren mozioak ere aztergai izango dira.

  7 eta erdietan hasiko den Osoko Bilkura, zuzenean eskainiko dizuegu ohitura dugunez.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!