Eskudirutan ordaindu daiteke jada Herribuseko txartela

2020/07/09
Alarma egoera indarrean sartu zenetik ez da dirurik onartu eta bidaiariek doan egin dute joan-etorria

  Covid-19a kutsatzeko foku izan zitekeelakoan eskudiruaren erabilera mugatzea aholkatu zen, bai denda, zerbitzu eta garraio publikoetan ere, alarma egoera indarrean sartu zenean. Gomendioa Herribusean aplikatu zen eta txartela eskudirutan ordaintzeko aukera kendu zen. Txartelaz ordaintzeko sistema aktibatu gabe du autobusak eta ondorioz, 10 bidaiako bonoak zituztenek agortu zituzten baina ez zen bono berririk eskuratzeko aukerarik eskaini eta guztiek doan bidaiatu dute. Baina bidaia txartelak kobratzen hasi dira berriro, astean.

  Bidaiarien esku jarri dira 10 bidaiako bonoak eta noski, bidaia bakarrerako txartelak ere. Bidaiariaren adinaren arabera txartel eta bonoen prezioak aldatu egiten dira: bidaia txartelaren prezio orokorra euro bat da eta 10eko bonoa erosita 5 euro. Baina 5 eta 18 urte artekoek 40 xentimo ordaintzen dute bidaiako eta 2 euro bonoa eskuratzeko. 5 urtetik beherako haurrek berriz, doan dute bidaia-txartela.

   Herribusaren erabilera asko jaitsi da, martxo erdialdeaz geroztik. Zerbitzua % 40ra murriztu zen herrigunean eta Arantzazuko zerbitzua bertan behera utzi zen, segurtasun arrazoiengatik. Konfinamendu garaia tartean bizi izan zen eta apirilean, adibidez, edukieraren %1 izan zen erabilera, ohikoa %20-25 tartekoa izaten denean. Bitarte horretan Herribusa erabili zuten herritarrek doan bidaiatu zuten eta udalak hartu du bere gain horren ordaina. Halaxe adierazi zitzaion Herribus zerbitzua eskaintzen duen enpresari, alegia, bidaiari bakoitzaren kontaketa zehatza egin eta jakinarazi zezala.

  Azken aste hauetan normaltasun berrira itzultzen ari gara eta Lurraldebuseko zerbitzuetan gertatu bezala Herribusean ere eskudiruz ordaindu daiteke jada.

Iturria: Oñati Irratia