Eskualdeko txakolina, txokolatea eta bakailaoa promozionatuko dira Debagoieneko 14. jardunaldi gastronomikoetan.

2013/06/07
Jardunaldiak, gaur hasi eta uztailaren 31ra arte luzatuko dira.

  Oñatiarren partaidetza ugaria da beste behin ere, Mankomunitateko turismo departamentuak sustatzen duen Debagoieneko Jardunaldi Gastronomikoetan. Etxe Aundi, Goiko Benta eta Soraluze jatetxeek menu bereziak prestatu eta eskainiz parte hartuko dute, eskualdeko beste 5 jatetxerekin batera. Hori bai, guztiek, Debagoieneko txakolina, txokolatea eta bakailaoa izango dute menu oinarri. Horrezaz gain, eta azken jardunaldietan jada ohikoa bihurtu denez, Gomiztegi baserrira bisita bereziak egin ahal izango dira astebururo eta gainera, herrian ekoitzitako bi txakolin promozionatuko dira Upain eta Murgialdaiko txakolinak. Izan ere, horixe da gaur abian jartzen diren Udako Gastronomia jardunaldi hauek duten berritasunetako bat, uztailaren 14an, Debagoieneko II. Txakolin eguna egingo dela Aretxabaletan. Bertan, eskualdeko 4 ekoizlek parte hartuko dute: Arrasateko Kataide eta Otxiak eta Oñatiko Upain eta Murgialdaik.

  Baina txakolin egunaz gain, jardunaldi gastronomiko hauetan, barnealdeko gatzagen lehen topaketak eta Gatzaren eguna ere egingo dira, uztailaren 19 eta 20an, eta Leintz Gatzagan noski.

  Baina beste berritasun bat ere aipatu behar da gastronomia ekintza sorta honen haritik, 2 sukaldaritza tailer egiteko aukera izango dela alegia. Mankomunitateko Arrasate egoitzan emango diren tailer hauek ekainaren 18 eta uztailaren 2an egingo dira. Lehen egunean, barazki menestra eta bakailaoa prestatzen irakatsiko da eta bigarrenean, entsalada epelak eta hegaluzea. Bi tailer hauek, Arrasateko Hiper Eroskin ere errepikatuko dira, uztailaren 10 eta 17an. Parte hartu ahal izateko, izena, aurrez eman beharko da mankomunitateko turismo departamentuan: 943 796 463 telefono zenbakian.

  Antzuolako Lapatza, Aretxabaletako Mendibitzu eta Arantzazuko Gomiztegi baserrira egingo diren bisita gidatuetan parte hartu ahal izateko ere, aurrez izena eman behar da.

  Gastronomia jardunaldi hauen helburua tokian tokiko eta garaian garaiko produktu gastronomikoen promozioa egitea da Eusko Jaurlaritzako turismo sailak daraman bidearekin uztartuz, eskualdeko turismo eskaintza eta  gastronomia lotuaz.

  14. gastronomia jardunaldi hauek, gaur bertan hasi eta uztailaren 31ra arte luzatuko dira.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!