Eskola kirola eta hainbat kirol ekintzen memoriak aztergai izango dira gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean

2017/11/02
Ludotekak antolatzen duen jostailu truke azokaz ere arituko dira

  Eskola kirolaren ikasturte berriko jarduna orain bizpahiru aste abiatu zen. Baina aurreko ikasturteko likidazioa egiteko eta aurtengoaren aurrekontua onartzeko daude oraindik. Bi gai horiek azalduko dira gaurko tokiko gobernu batzarrean, hau da,  2016-17ko aurrekontuaren likidazioa eta 2017-18 ikasturteko aurrekontua. Aurrez, Oñatiko eskola kirola  eta hezkuntza elkartea eta udalaren arteko lankidetza hitzarmen proposamena aztertuko da arratsaldeko bileran. Kirol kontuekin jarraituz, Atxintxiketan eta Aloñako Igoera kirol elkarteek osatu dituzten ekintzen memoriak azalduko dira, egoki ikusiz gero, urteko diru laguntzaren likidazioa bideratzeko.

  Haurrak eta Gazteria departamentuak ere hainbat gai aurkeztuko ditu gaurko tokiko gobernu batzarrean: Gaztelekuko azaroko ekintzak eta Txaloka ludotekak urtero antolatzen duen jostailu truke azoka. Jostailuen berrerabilpena sustatzen duen ekimena da jostailuen truke azoka. Abendu hasieran egingo da baina haurrek eramandako jostailuak jasotzen azaro amaieran hasiko dira. Trukerako jostailua daraman neska edo mutikoari azokan jostailu berria eskuratzeko txartela bana emango zaio.  Baina xehetasun guzti hauek gobernu taldeak arratsaldean egingo duen bileran azalduko dira.

  Gaurko lan zerrendan 18 gai jaso dira.

Iturria: Oñati Irratia