Esklerosi anizkoitzagatik "Busti zaitez" kanpaina Oñatira iritsiko da domekan

2017/07/07
Material salmenta eta informazioa emateko mahaia jarriko da plazan

  20. aldiz egingo da Busti zaitez kanpaina Gipuzkoan. Oñatin berriz, seigarrena izango da domekako hitzordua. Esklerosi anizkoitzaren inguruan gizartea sentsibilizatu eta elkarteak eskaintzen dituen zerbitzuak mantentzeko dirua lortzea da kanpainaren helburu nagusia. Esklerosi Anizkoitza Euskal Fundazioak, ADEMGI-ren laguntzarekin, antolatutako jardunaldi solidario honetan gaixotasun neurologiko honek sortzen dituen arazoez informatzeaz gain, ADEMGI-k 2007an ireki zuen Esklerosi Anizkoitza eta beste gaixotasun neurologikoen zentroan gaixotasuna duten pertsonei eskaintzen dien birgaitze zerbitzua finantzatzeko dirua lortu nahi da.

  Busti Zaitez, bai Euskadin eta estatu mailan dagoen esklerosi anizkoitzaren aldeko kanpainarik garrantzitsuena da eta urtero milaka euskal herritarrek parte hartzen dute. 20. kanpaina honetarako sortu den irudia Katuki Saguyaki markakoa da eta lema Bernardo Atxagak propio asmatu du: Poliki, tantoka, aurrera.

  Domekan plazan, Busti zaitez kanpainari dagozkion kamisetak, pultserak eta giltzetako edo llaveroak erosi ahal izango dira. Informazio eta material salmenta mahaia 11:00tatik 14:00tara jarriko da.

  Kanpaina hau Oñatin garatu ahal izateko herriko bazkide eta bolondresen laguntza ezinbestekoa dela azpimarratu du ADEMGI elkarteak. Aurreko bost urteetan izandako arrakasta ikusiaz, ekintza hau seigarren urtez jarraian antolatzera animatu dira. 

Iturria: Oñati Irratia