Errotazioko aparkatze sistema berria bihar jarriko da martxan erdiguneko kaleetan

2016/12/14
Card image cap
TAO zonalde urdina margotzen ari dira

  Herriko erdiguneko komertzio eta zerbitzuetara errazago iritsi ahal izateko, eta oinezkoekiko elkarbizitza bermatzeko asmoz, errotazioko edo txandakako aparkaleku sistema jarriko da martxan bihar.

  TAO edo OTA doan izango da baina denbora muga batekin: 60 minutu, gehienez. Epemuga hori beteta autoa lekuz eta beste zonalde batera aldatu beharko da. Gaur goizean hasi dira TAO gune ezberdinak marra urdinez markatzen. BR eta marra zuridun guneak ere izango dira, hau da, erdiguneko kaleetako bizilagunentzat propio gorde diren bertakoentzako aparkalekuak. Hauek erabiltzeko txartel berezi bat beharko da. Aurreko asteetan txartelak eskatu eta ordaindu beharreko udal tasa kargatzeko kontua emateko epea izan da. Txartelak, udal bulegoetan jaso daitezke.

  Errotazioko aparkalekuak Aita Madina kalean, Maiatzaren 1a plazan ONCEren kabina ondoan, Portu kalean, udaletxe atzealdean eta Ramon Irizar, Zubibarri eta Motxon kaleetan izango dira, 102 aparkaleku guztira eta horietatik 5 elbarrituentzat. Marra urdinez markaturiko aparkaleku hauetan autoa gehienez 60 minutu utzi ahal izango da, astelehenetik ostiralera 8:30tatik 13:15tara eta 16:00tatik 20:30tara eta larunbatetan ere,  8:30tatik 13:15tara. 20:30tatik hurrengo goizeko 8:30ak arte eta jai egunetan, denbora mugarik gabe aparkatu ahal izango da. Bertakoentzako aparkalekuetan ez da ez egun ez denbora mugarik izango. Baina txartela beharko da esan bezala.

  Errotazioko aparkatze sistema doan da, ez da ordaindu behar, baina aparkatutako denbora kontrolatuko da. Hala, autoa utzi orduko, hurbilen dagoen parkimetrora joanda, ibilgailuaren matrikula sartu eta papera eskuratu beharko da. Papertxoa autoan, leku agirian, jarriko da. TAO aparkalekuen kontrola Udaltzaingoak egingo du.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!