Errenta eta diru bilketa teknikari lanpostura aurkeztu direnen onartu eta baztertuen zerrendak argitaratu dira

2016/01/14
Behin behineko zerrenda hauekiko erreklamazioak 5 eguneko epean presentatu daitezke

  10 lagun aurkeztu dira Udalak bete asmo duen errenta eta diru bilketa teknikari lanpostura. Batek ordea, ez du deialdian eskatutako titulaziorik presentatu, eta behin behineko izaeraz, prozesutik baztertu dute. Dena den, 5 eguneko epea dauka eskatutako agiria udal bulegoetan aurkezteko; onartu eta baztertuen behin behineko zerrendak gaur argitaratuta, erreklamazioetarako epea ireki da. Oposizio lehiaketa honetan parta hartu ahal izateko, Udalak, zuzenbidea, ekonomia edo enpresa zientzien lehen hiru ikasmailak gaindituta izatea eskatzen zuen.

  Agiri guztiak presentatuta, 9 lagunen hautagaitza onartu da. Baina hori ere, oraingoz, behin behineko izaeraz.
Eta halaxe beteko da hain zuzen ere errenta eta diru bilketa teknikari lanpostua, behin behingoz edo aldi baterako, alegia. Berez, beste zeregin batean ari den plazaren jabea lanpostura itzuli bitartean arituko baita lanean oposizio-lehiaketa irabazten duen hautagaia.

  Datozen asteetan hautatuko den errenta eta diru bilketa teknikariak funtzio ugari izango ditu: errolda fiskalak eguneratu, hiri katastroan edo jarduera ekonomikoen zergan emandako alta berriak konprobatu eta kitapenak eskatu, bide publikoaren okupazioa likidatu, hiri lurren balio gehikuntzaren gaineko zerga likidatu eta kobratu, landa lurren segregazio eskaerak prestatu eta planoak egin, zerga kitapenen eta errezibo kobraketen aurkako errekurtso eta erreklamazioak kudeatu edota, diru sarreren datak kontrolatu, besteak beste.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!