Errenta aitorpena euskaraz kanpainarekin bat egin du beste urte batez Udalak

2020/04/23
Errenta aitorpena bete zuten oñatiarren %31ak euskaraz egin zuen iaz

  Egungo egoerak kanpainaren berri ematen duten esku orriak banatzea ezinezkoa egiten badu ere, ekimena hor dago, eta herritarrak errenta aitorpena euskaraz betetzera gonbidatzen ditu Udalak.

  Hamabi urtetan 23 puntu igo da aitorpena euskaraz aurkezten duten oñatiarren kopurua. Udalak 2008az geroztik urtero egiten du errenta aitorpena euskaraz betetzeko sentsibilizazio kanpaina. Eta neurri eraginkorra dela esan daiteke aitorpena euskaraz aurkeztu duten oñatiarren kopuruari erreparatuta, kasik hirutik batek euskaraz betetzen duelako. 2006an 500era ere ez ziren iristen halakoak eta iazko kanpainan 2.106 izan ziren, aitorpen guztien % 31 alegia. Urtez urte kopuru hori handitzen ari bada ere, Oñatiko euskaldunen kopurua kontuan izanik, oraindik badago zer hobetua. Udalak UEMArekin eta Gipuzkoako ogasunarekin elkarlanean burutu du aurtengo sentsibilizazio kanpaina.

  Aurten, koronabirusak eragindako alarma-egoerak baldintzatuta, aurrez aurreko hitzorduak bertan behera utzi ditu Ogasunak baina hiru modutan egin daiteke euskararen hautua: autolikidazio proposamena telefonoz edo internetez onartzean, zergabidea web plataformaren bitartez errenta aitorpena bidaltzean, eta, gestoria baten bidez eginez gero, Ogasunarekiko harremanetan euskara aukeratzeko borondatea adierazita.

  Errenta aitorpena euskaraz egitea urrats bat gehiago da ogasunarekin eta, azken batean, administrazio publikoarekin harremana euskaraz izateko bidean. Koronabirusa behintzat,  ez dadila izan aitzakia euskararen aldeko hautua egiteko.

Iturria: Oñati Irratia