Errenta aitorpena euskaraz aurkezteko kanpaina egingo du Udalak aurten ere

2016/04/01
Sei urtetan 16 puntu igo da aitorpena euskaraz bete duten oñatiarren kopurua

  Oñatiko Udalak 2008az geroztik urtero egiten du errenta aitorpena euskaraz betetzeko sentsibilizazio-kanpaina. Hasieran Degagoieneko Mankomunitateko udalekin batera egiten zuen eta azken bi urteotan Udal Euskaldunen Mankomunitatearekin batera. Sei urteko tarte horretan, 16 puntu egin du gora aitorpena euskaraz aurkeztu duten oñatiarren kopuruak. Bilakaera hori positiboki baloratuta eta zentzu honetan egiten diren sentsibilizazio ekintzek eragina badutela egiaztatuta, aurten ere, errepikatzea erabaki da. UEMAk aurten ez du aparteko kanpainarik egitea aurreikusi, bai ordea, eskualdeko hainbat udalek. Horregatik Udalak, Antzuola, Arrasate eta Bergarakoarekin batera sentsibilizazio kanpaina egitea erabaki du.

  Herriko etxe guztietara banatuko den esku-orria gertatu da. Bertan, errenta aitorpena aurkezteko dauden modalitate guztietan euskara euskara erabili daitekeela argitzen da. Halako agiriak betetzeko oinarrizko hiztegi bat ere zerrendatu da eta 2015 errenta kanpainaren inguruko informazio orokorra zehaztu da. Era berean, Debagoieneko herrietako datuen bilakaera azaltzen da. Esku-orria  datorren astean banatuko da herriko etxe denetara.

  Gipuzkoan, 2015 errenta kanpaina apirilaren 18tik ekainaren 25era luzatuko da. Aurretik jada, apirilaren 11tik, Foru Ogasunak egindako autolikidazio proposamenak onartu ahal izango dira. Eta hauek jasoko ote dituen egiaztatu nahi duenak, apirilaren 1etik aurrera egin ahal izango du ogasunaren web atarian sartuta.

Iturria: Oñati Irratia