Errementari plazako jolas-parkeko zorua berrituko da

2020/07/20
Card image cap
Herriko beste hainbat jolas-parkeetan mantentze eta konponketa lanak egingo dira

  Errementari plazako jolas-parkeko zorua egoera txarrean dago. Iaz egiteke geratu ziren lanen zerrendan jaso zen eta lanak datozen asteetan egitea onartu du Udalak.

  Kautxuzko zorua oso zaharkituta dago eta hainbat lekutan zartadura zabalak ditu. Haur baten oina sartzeko edota helduek estropezu egiteko moduko zartadurak dira. Segurtasun aldetik arriskutsu dago. Parkeko zorua guztiz aldatuko da, zaharra kendu eta zoru berria botako da. Lanek, 10.000 euroko aurrekontua dute.

  Baina Errementari plazako jolas-parkean zorua aldatu ez ezik, hainbat konponketa ere egingo dira, herriko beste jolas-parkeetan egingo diren bezala. Haur-parkeen azterketa orokorra egin da, gune bakoitzak behar  dituen  mantentze eta konponketa lanak zehazteko. Ugarkalde eta Moiua kale atzealdeko parkeak plangintza orokor honetatik kanpo utzi dira beste inbertsio batzuk egitea aurreikusten delako: Ugarkaldeko parkean estalkia jarriko da eta Moiua kale atzealdeko parkean sokadun elementu berria kokatuko da. Herriko gainontzeko jolas parkeetan mantentze eta konponketa lanak egingo dira. Batzuetan pieza solteak aldatuko dira, beste batzuetan elementu osoak berrituko dira. Herriko 15 parketan egingo diren mantentze eta konponketa lanek beste 10.000 euroko aurrekontua dute.

  GARRA S.L. enpresak egingo ditu Errementari plazako jolas-parkearen zorua berritu eta gainontzekoen mantentze eta konponketa lanak. Lehenbailehen egin asmo dira, ahal dela, uztaila bukatu aurretik.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!