Errekaldeko jaiak bertan behera utzi dira

2020/04/20
Card image cap
Halakoa iragartzen duen hirugarren auzoa da

  Ostiralean zabaldutako oharraren bidez jakinarazi zuen jai batzordeak aurten ez direla Errekalde auzoko jaiak egingo, arrazoia, mundua gelditu duen osasun krisia, mezuan zehazten denez. Ez da jaiak bertan behera uzten dituen lehen auzoa, aurretik, hil honen amaieran egitekoak ziren Olabartakoak eta ondoren zetozen San Miel Txikiak bertan behera utzi baitziren. Dena den, San Miel Txiki jaiak beste modu batera egiteko alternatibak bilatzen ari direla iragarri zuen jai batzordeak.

  Egunak, asteak aurrera joan ahala eta beste auzo jai batzuetarako datak hurbildu ahala, antzerako erabaki gehiago jakinaraztea espero da, une honetan etxetik irten eta taldetan biltzea guztiz ezinezkoa baita eta segurtasun neurriak lasaitzeko denbora beharko baita.

  Auzo eta jai batzorde guztien egoera ez da berdina eta halaxe azpimarratu dute Errekaldeko jai batzordeko kideek zabaldutako oharrean. Iaz lapurreta egin zieten eta sortu zitzaien egoera zailari buelta ematen hasteko aukera zuten aurtengo jaietan. Baina bertan behera uztea erabaki dute, normaltasunez ospatzea ezinezkoa izango delako. Baina hauek ere bestelako ospakizun edo berririk izan daitekeela iragarriz amaitzen dute sare sozialen bidez zabaldutako oharra.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!