Oñatiko udala

Errekalde eskolako “kontserjearena” deitutako etxea errentan hartu eta ordainetan, kontserje lanak egiteko gertu dauden lau lagunen eskaerak ontzat eman ditu kontratazio mahaiak.

2014/05/06
Card image cap
Lehiaketaren emaitzak datorren astean jakinaraziko dira.

  Atzo bertan bildu zen Errekaldeko kontserjearen etxea errentan emateko kontratazio mahaia. Epe barruan aurkeztu ziren eskaerak aztertuta, laurak ontzat eman ziren eta baldintzetan zehazten dena beteaz eskaera egin dutenen izen abizenak publiko egin dira. Oharra, udaletxeko iragarki taulan jarri zen atzo arratsaldean bertan, alegazio edo erreklamazioetarako 5 eguneko epea dagoela jakinaraziz. Era berean, eskaera bideratu zuten hiru laguni kontserje eta mantenamendu lan txikiak egiteko esperientzia edo formazioa dutela azaltzen duen kurrikulumik ez dutela aurkeztu gogorarazten zaie. Horiek kontutan hartuko dira etxea errentan nori eman baloratzerakoan. Ondorioz, puntuaziorik eskuratu nahi badute, aipatutakoak azaldu eta agiri bidez egiaztatzeko hiru eguneko epea dutela jakinarazi zaie.

  Izan ere, Errekalde herri eskolan dagoen etxebizitzaren alokairu kontratua berezia da dakizuenez, errenta dirutan ordaindu ordez, eskolan kontserje izaerako oinarrizko lan eginez ordaintzen baitu maizterrak.

  Horretxegatik, “kontserjearena” deituriko etxea errentan, lehiaketa bidez ematen du udalak. Lehiaketa fasean oinarrizko mantenu lanak egin ahal izateko gutxieneko ezagutza badela ziurtatzeko formazio akademikoa eta esperientzia puntuatuko dira.

Balorazio hori, datorren astean bertan egingo du kontratazio mahaiak. Errekaldeko “kontserjearena” etxea, okerrik ezean, bost urterako alokatuko du udalak.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!