Errefuxiatuentzako 6500 kilo janari eta higiene produktu batu dira Hotz Oñati taldeak sustatutako elkartasun kanpainan

2016/03/22
Materiala, datorren astean bidaliko da

  Errefuxiatuei laguntzeko batu den materiala Alhambra Internacional elkartearen bitartekaritzaz bidaliko da Greziara, bertan dauden kanpamentuetan banatzeko. Oñatitik Bartzelonara arteko garraioa, Fundacion Seuren bitartez egingo da guztiz doan. Herriko janari dendetan batu den laguntza materialaz gain, Sindika hotelak oparitu dituen 60 koltxoi ere helaraziko dira Bartzelonara, bertatik, Greziara bidaltzeko.

  Oñatin batutako materialaren zatitxo bat Frantziako Calais-era ere bidaliko da. Bolondres bikote bat etzi bertara doala aprobetxatuz batu den esnea, azukrea, kafea eta Eratu Fisioterapia Zentroan jaso diren mantak eramango dira. Baita Euskal Herriko beste zenbait taldek bildutako arropak ere. Calais-en beharrezko materiala erosteko eta Greziako errefuxiatuen kanpamenduetan ere dauden beharretarako dirua batze aldera, kontu korrontea ireki berri du Hotz Oñati taldeak Laboral Kutxan.

  Hasieran, hilaren 11tik 18ra batu zen materiala aste honetan bertan bidali asmo zen Bartzelonara, Greziako errefuxiatuen kanpamenduetara lehenbailehen iritsi zedin. Logistika arazo batzuk izan dira ordea, eta garraioa datorren astera atzeratu beharrean izan dira. Bitartean, material guztia paletetan eta behar bezala identifikatuta prestatu da eta Aita Lizarralde kaleko lokal batean gordeta dago.

Iturria: Oñati Irratia