Errefortzurako kirol teknikaria hautatzeko azterketa praktikoa bihar egingo da

2018/01/10
Card image cap
Lau hautagaik gainditu zuten aurreko proba teorikoa

  Ondorioz, lau horiek dute azterketa praktikoa egiteko aukera.  Azterketa praktikoa den arren ez da ariketa fisikotan oinarrituko; deialdiarekin batera argitaratu zen gai zerrendako gaiekin eta bete beharreko funtzioei buruzko kasu praktikoak ebatzi beharko dira.  Epaimahaiak hala erabakiz gero gainera, proba honen ahozko defentsa egin beharko dute hautagaiek.
Azterketa praktikoa Euskaldun berria aretoan egingo da bihar, 10:30tan.

  Biharko azterketa deitu aurretik, aurreko probaren behin betiko emaitzak argitaratu ziren. Behin behinekoekiko ez da aldaketarik izan eta abenduan aurreratu bezala, aurkeztu ziren sei lagunetatik lauk gainditu zuten.

  Martxan den hautaketa prozesu honen helburua, kirol zerbitzua indartu eta eskola kirolaren koordinazio lanak egingo dituen teknikaria kontratatzea da. Lanpostua aldi baterako bete asmo du udalak eta hasieran, urtebetean-edo gauzatuko den programa aurrera eramateko ardura hartuko du teknikari berriak.

  Biharko azterketa praktikoa oposizioaldiko bigarren proba izango da. Gainditzen dutenek euskarazkoa egin beharko dute, baldin eta oinarrietan eskatzen zen laugarren hizkuntza eskakizuna agiri bidez egiaztatu ez bazuten. Laugarren eta azken azterketak berriz, hainbat ariketa bilduko ditu, tartean elkarrizketa bat. Helburua, hautagaiak lanpostuaren eskakizun teknikoetara eta pertsona eskakizunetara nola egokitzen diren neurtzea izango delarik.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!