Erorikoak prebenitzeko tailer teoriko-praktikoa antolatu da nagusiei zuzenduta.

2014/10/09
Urriaren 28 eta 30ean egingo den tailerra, Udalak, Osasun zentroak eta Jaurlaritzako Osasun Publikoak elkarrekin lanean osatu dute. Izena emateko epea zabalik dago.

  Erorikoak osasun arazo garrantzitsu bihurtzen dira behin adin batetik aurrera. Baina maila batean, eroriko horiek ekidin edo saihestu daitezke oinarrizko prebentzio neurri batzuk hartuta. Etxean lotu gabe dagoen alfonbra kenduta edota altura batetan dauden gauzak hartzeko laguntza eskatuta ezbeharrak saihestu daitezke. Norberaren egoera fisikoak ere eragina du jausteko puntuan egonik, eusteko erreflexuak adi izateko.

  Horrelakoak ikusi arazi eta zenbait ariketa irakasteko erorikoak prebenitzeko tailer teoriko praktikoa antolatu da gurean. Santa Ana aretoan egingo da, hilaren 28 eta 30ean eta arloan lan egiten duten tekniko eta adituek parte hartuko dute.

  Tailerraren lehen egunean alde teorikoa landuko da eta besteak beste, zahartze prozesuak berarekin dakartzan erorketa gehiago izateko arriskuei buruz edota etxe barruan eta kanpoan dauden arrisku foko konkretuei buruz berba egingo da. Arrisku horiek saihesteko aholkuak ere emango dira. Aktibitate fisikoa mantentzearen garrantziaz arituko dira eta oinetako egokiak eraman, ikusmen edota entzumen arazoak zuzentzeko neurriak hartu eta medikazioak berak sortu ditzakeen mugak kontutan hartzeari buruz argibideak emango dira.

  Bigarren saioa berriz, urriaren 30ean egingo da eta tailerraren alde praktikoa landuko da. Gorputz jarrera egokiak, erosketak saihesteko etxean egin daitezkeen aldaketak, edota jausi ezkero, nola zutitu behar denari buruzko ariketak erakutsiko dira.

  Tailerra tekniko eta adituek emango dute, esan bezala. Hizlari lanetan, Oier Irizar fisioterapeuta, Oskar Carrascal Udaleko kirol teknikaria, Juanjo Sagarzazu, Angelika Ugarte eta Kizkitza Alustiza Osasun Zentroko mediku eta erizainak eta Joselu Gomez eta Aitziber Garmendia Osasun Sustapeneko teknikariak arituko dira.

  64 urtetik gorako lagunei zuzendutako prebentzio tailer teoriko-praktiko honetan parte hartzeko izen ematea zabalik dago. Interesa duenak, anbulatoriotik pasata edo bertara telefonoz deituta: 943 03 54 30 zenbakira deituta, izena eman behar du. Bide batez, tailerra euskaraz edo gazteleraz egitea nahiago ote lukeen ere galdetuko zaio. Izena emateko azken eguna, hilaren 20a izango da.

  Tailerra, hilaren 28 eta 30ean, arratsaldeko 5etatik 6 eta erdietara egingo da Santa Ana aretoan.

Iturria: Oñati irratia