Erantzun zabala izan du gurasoei zuzendutako “oinarrizko bizi euskarria” izeneko ikastaroak.

2014/02/17
Card image cap
34 lagunek izena eman dute eta bi talde osatu dira.

  Ostegunean amaitu zen udalak herriko ikastetxeetako guraso elkarteekin batera antolatu duen formazio tailer honetan parte hartzeko izen ematea. Haur eta Lehen hezkuntzako ikasleei gurasoei zuzendu zen eta interes handia sortu zuen. Hasieran, 12 laguneko taldea osatzeko helburua zegoen eta azkenean, 17ko bi talde eratu behar izan baitira, inor kanpoan ez uztearren.

  “Lehen sorospenak: oinarrizko bizi euskarria” izeneko tailerra birritan emango da ondorioz. Lehena, hasieran iragarri bezala bihar arratsaldean eta bigarrena, hurrengo asteartean, hilaren 25ean. Tailer bakoitzak bina orduko iraupena izango du, 18:15etik 20:15era. Bidebarrieta kaleko 18an dagoen erabilera anitzeko lokalean egingo dira biak eta gidari, Gemma Bikuña erizaina izango da. 

  Bat-bateko heriotza kasuen hirutik bi ospitaletik kanpo gertatzen dira, kirola egiten ari garenean, etxean edota kalean. Horretxegatik oso garrantzitsua da edozein herritarrek bat-bateko heriotza arrisku kasuak detektatu eta emergentzia eta suspertze neurriak ezagutzea. Oinarrizko ezagutza hori ematea da hain zuzen, ikastaroaren helburua; medikuak iritsi bitartean, bihotza gelditu den egoera baten aurrean lehen sorospen neurriak martxan jartzeko beharrezko ezagutza eta gaitasunak eskuratzea. Horretarako, tailerrean,  desfibriladore semiautomatikoa erabiltzen ikasiko da baina ez hori bakarrik, arnas aparatua trabatuta geratzen denean zer egin ere erakutsiko baita. Tailer teoriko praktikoa izango da.

  Herriko ikastetxeekin elkarlanean sortu zen udaleko hezkuntza foroaren baitan lanean diharduen formazio mahaiak bere fruituak ematen jarraitzen du. Gurasoei zuzenduta antolatu diren formazio ikastaro eta tailer laburrek erantzun zabala pilatu dute. Hala gertatu zen aurrera doan “guraso coaching” ikastaroaren kasuan eta errepikatu egin da “oinarrizko bizi euskarria” tailerraren kasuen ere.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!