Erakusketa antolatu nahi da pentsionisten mugimenduaren hirugarren urteurrena ospatzeko

2021/01/12
Card image cap
Herritarren laguntza eskatu da argazki, bideo eta bestelako dokumentuak eskuratzeko

  Herri mailako erakusketa muntatzeko asmo honen berri atzoko elkarretaratzean azaldu zitzaien plazara agertu ziren jubilatu eta pentsiodunei. Bide batez, materialik badute antolatzaileen esku uzteko eskaera egin zitzaien. Erakusketarako datarik ez da zehaztu oraindik baina denbora asko pasatzen utzi gabe, udaberria iritsi aurretik egiteko asmoa azaldu zen.

  Urteak arin doaz eta egindakoa ahaztu egiten da. Halako memoria ariketa kolektibo bat egitea proposatzen da Oñatiko pentsionisten mugimenduak hiru urte hauetan burutu dituenak gogora ekarri eta azaltzeko. 2018an Enplegu eta Gizarte Segurantza Ministerioak pentsionistei bidalitako gutunak itzultzeko ekimen puntual gisa abiatu zena hiru urtez astelehenero errepikatu diren elkarretaratzeetan gauzatu da. Eta hiru urte hauetan Oñatin ez ezik, Donostian, Gasteizen edota Madrilen egin diren mobilizazioetan parte hartu dute herriko pentsionista eta jubilatuek, guztietan pentsio duinak aldarrikatuz. Herriko beste eragilerekin batera martxoaren 8ko ekitaldietan edota iazko urtarrilaren 30erako Euskal Herriko Gutun Sozialak deitu zuen greba orokorrean ere aktiboki parte hartu zuten.

  Ekintza eta mobilizazio guzti horien dokumentu grafiko eta idatziak bildu nahi dira erakusketa osatzeko. Materiala uzteko deia herritar guztiei helarazi nahi zaie. Argazki, bideo, egunkarietako artikulu eta bestelakoek dituztenei herriko pentsionisten esku uztea eskatzen zaie, erakusketa ahalik eta osotuena izan dadin. Utzitako materiala, noski, itzuli egingo da. Harremanetarako leku eta ordua jakinekoa da, astelehenero, 12:00tan, plazan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!