Oñatiko udala

Erabilgarri dago San Martingo “Baratzeko pikua” parkea

2019/01/30
Card image cap
Haurren kreatibitatea eta pertzepzioa lantzeko parke alternatiboa egokitu da

  Urrian hasi ziren San Martin gunean Baratzeko pikua izeneko haur parkea eraikitzeko lanak. Bi hilabeteko lanaren ostean, haurrek jolasguneaz gozatzeko aukera daukate jada. Jolas gunearen proiektu teknikoa Iñigo Segurola paisajistak egin du eta udalarekin elkarlanean, parke alternatibo bat egokitzea pentsatu zuten. Alternatiboa izatean, ohikoak diren haurren jolasak ez erabiltzea erabaki zuten, izan ere, planteatzen dituzten erabilerak eta elementuak haurren kreatibitatea, pertzepzioa eta beste jokatzeko modu batzuk bultzatzeko elementuekin lan egitea zen.

  Guztira, zazpi gunek osatzen dute parkea. Alde batetik, pikuen zonaldea dago. Bertan, hiru pikondo jarri dituzte, udazkenean pikuak haztearekin batera haurrak bertara igo daitezen. Beste zonalde bat txirrista eta eskailerena da. Hantxe plazatik jolas gunerainoko altzairuzko txirrista bat jarri dute eta ondoan tamaina desberdinez egindako neumatikozko  eskailerak haurrak, parketik plazara jaitsi eta igo daitezen. Parkeko beste eremu batean ere neumatikoak daude baina eserleku funtzioa dute. Erdian gainera, belar usaintsuak landatu dituzte. Jolas guneko beste alde batean hiru iturriz osatutako eremu egokitu da, ura, edangarria izateaz gain haurrentzat jolasgarri ere bada. Parkeko sarrera burdinezko arku batek osatzen du. Eta paretan eskalatzeko rokodromoa ere badago.

  Apustuetako bat kolore biziak ez erabiltzea izan zen eta ondorioz, jolas gunea zuri beltzez margotzea erabaki zen. Honekin batera, plazaren alde batean belargunea handitu dute eta bost urte barru loratuko diren gereziondo japoniarrak landatu dituzte.  

  Iñigo Segurolak jolas gunea bereziki haurrei zuzenduta dagoela azpimarratu du. Naturarekin bat eginez, haurrek ongi pasatzeko gunea da Baratzeko pikua parkea. Funtzio-aniztasuna duten haurrak ere gogoan izan dira parkea egokitzerakoan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!