Epelera hondakin nahasiak eraman ez daitezen, sinadura bilketa hasi da

2016/06/10
Card image cap
Debagoiena eredu. Zabortegirik ez! plataformak abiatu du ekimena

  Epeleko industria hondakinen isurtegira Gipuzkoa osoko zaborrak  nahastuta ekarri ez daitezen, sinadura bilketa abian jarri da. Ekimena martxan jarri duen taldeak, Debagoiena eredu. Zabortegirik ez! plataformak alegia, bi bide jorratuko ditu sinadurak batzeko: eskualdeko herrietan mahaiak jarriko ditu eta aldi berean, www.change.org plataformaren bitartez eskaera zabaldu du. Bide honetatik, ia 1600 firma batu dira jada.  Sinadurak,  Debagoieneko Mankomunitateari bidaliko zaion gutunari erantsiko zaizkio.

 Debagoiena eredu. Zabortegirik ez! taldeko ordezkariek diotenez, %80a birziklatzea lortu duen eskualdeak ez du merezi Gipuzkoa osoko zabor nahasia jasotzea. Eskualdeko eragile eta elkarte ezberdinek sinatu zuten Debagoieneko itunean zehazten da, Gipuzkoa osoan, hondakinen %80a gaika biltzeko urratsak ematen direnean hasi ahal izango da hondakinen inguruan elkartasunaz berba egiten. Elkartasuna da Diputazioko hainbat arduradunek eskatu dutena.

  Epeleko isurtegiak hiri hondakinak jaso ditzan, kalifikazioa aldatu behar da. Mankomunitateko ordezkariek onartu dute GHKren mezua jaso zutela kalifikazioaren aldaketa aztertzea eskatuz, baina zentzu horretan ez ei dute eskaera ofizialik eskuratu.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!