Epeleko hondakindegiak egun eskaintzen duen zerbitzua dagoenetan mantentzea eskatuko du Udalak

2016/01/29
Card image cap
Epeleri buruzko mozioa onartu zen atzoko Osoko Bilkuran

  EH Bilduk aurkeztutako idatzia, koalizioaren ordezkarien babesaz atera zen aurrera, EAJk ezezkoa eman baitzion, halako adierazpenetarako momentua ez zela iritzita.

  Epeleko hondakindegiaren balizko erabileraren inguruan hedabideetan zabaltzen ari diren berrien aurrean, EH Bilduk 5 puntuko mozioa aurkeztu zuen atzoko Osoko Bilkuran. Epele, gaur egun bailarako industrien hondakin ez arriskutsuak, obretako hondakinak eta etxeetako obra txikietatik ateratzen diren eskonbroak jaurtitzeko hondakindegia dela aipatzen da mozio idatzian. Eta aurrerantzean ere hala mantendu dadila eskatzen da.
Izan ere, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioa eta Urola erdiko Mankomunitatea Lapatxeko hondakindegiaren biziraupenaren inguruan negoziatzen ari baitira eta akordiorik ezean, Gipuzkoako errefusa guztia Epelera bideratzea aztertzen ari ei da Hondakinen Kontsortzioa. Horrek,  Epelen hilean13.500 tona errefusa jasotzea eragingo lukeela dio EH Bilduren mozioak.

  Osoko Bilkuran gehiengoz onartutako mozioaren arabera, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioari gaiaren inguruko informazio osoa ematea eskatuko dio Oñatiko Udalak. Debagoieneko Mankomunitateari herritarren interesak defendatu ditzala ere eskatuko dio, horretarako eskumena duten organoetan gaia sakon eztabaidatu, erabaki eta garatzeko behar beste baliabide jarri eta gardentasun osoz informazioa ordezkari guztiekin partekatuz.
Hondakinen inguruan jorratutako hezkuntza eta sentsibilizazio ibilbidean sakontzen jarraitzea ere eskatuko zaie. Eta aipatu bezala, Epeleko hondakindegiak egun eskualdean eskaintzen duen zerbitzua dagoenetan mantentzea.

  Jeltzaleek mozioaren kontra bozkatu zuten, halakoetarako momentua ez zela iritzita. Epeleren balizko erabilera hedabideetan soilik aipatu dela eta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioa negoziatzen ari dela azpimarratu zuen Miren Elgarresta bozeramaleak. Erabakia hartu bitartean, balizko aukera baten inguruan posizionatzeko garaia ez dela esan zuen. EH Bilduk alde bozkatu zuen mozioa aurrera ateraz.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!