Enpresak transmititzeko prozesuari buruzko jardunaldiak antolatu ditu Debagoieneko mankomunitateak

2020/07/16
Card image cap
“Geroa bermatuz” informazio eta orientazio saioa astelehenean egingo da

  Enpresak eskualdatzeko prozesuari buruz informazioa eta orientazioa ematea da, hain zuzen ere, jardunaldi hauen helburu nagusia. Konkretuki, enpresari jarraipena emateko gizarte ekonomiak eskaintzen dituen formulak azaldu eta eztabaidatuko dira.

  Uztailaren 20an, astelehenean egingo dira jardunaldiak, 9:30tatik 13:00tara. Hiru ordu eta erdiko tarte horretan hitzaldi ezberdinak emango dira. Kooperatiba bihurtu behar gara izango da lehena eta horrekin lotuta ELKARLANek eskaintzen dituen zerbitzuei buruzko argibideak emango dira. Belaunaldi erreleboari erantzuna emateko lan sozietatearen formulak zer eskaintzen duen eta ASLE, Lan Sozietaten eta Partaidetuak Elkartearen zerbitzuak azalduko dira. Azkenik, gizarte-ekonomia sustatu eta enpresen transmisiorako aurten dauden laguntzen deialdien inguruko informazioa emango da.

  Geroa bermatuz izeneko jardunaldiak epe labur-ertainean enpresaren eskualdaketaren aurrean egon daitezkeen eta hura eskuratzea bideragarri den aztertu nahi duten enpresetako zuzendari eta langileei nahiz enpresa eta pertsona ekintzaileekin lan egiten duten eskualdeko eragileei zuzenduta daude. Martxoan jada, antzerako jardunaldiak antolatu zituen Debagoieneko Mankomunitateak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean. Oraingoan ere elkarlan formula berbera errepikatu da.

  Enpresak transmititzeko prozesuari buruzko jardunaldiak  Debagoieneko Mankomunitateak Arrasaten duen egoitzan egingo dira, astelehenean esan bezala. Izena emateko epea zabalik dago. Informazio gehiagorako Mankomunitateko Garapen agentziara jo daiteke.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!