Enpresak transmititzeko prozesuari buruzko jardunaldiak antolatu ditu Debagoieneko mankomunitateak

2020/02/26
“Geroa bermatuz” informazio eta orientazio saioak martxoaren 12an eta 26an egingo dira

  Enpresak eskualdatzeko prozesuari buruz informazioa eta orientazioa ematea da, hain zuzen ere, jardunaldi hauen helburu nagusia. Hala, enpresari jarraipena emateko dauden aukerak azaltzen, transmisioa planteatzerakoan kontuan hartu beharreko alderdi eta puntu kritikoak ezagutarazten, enpresaren egoeraren diagnostikoa egin ahal izateko jarraibideak ezartzen eta transmisio kasuetan gizarte-ekonomiaren aukera ezagutarazten ahaleginduko dira hizlariak saio ezberdinetan.

  Martxoaren 12ko jarduna enpresaren transmisioan zentratuko da eta transmisiorako alternatibez, enpresaren kapitalean langileen partaidetzaz edota eragiketaren zerga, lan ondorio eta ekimen ezberdinak martxan jartzeko laguntzez arituko dira SAYMA kontsultorako teknikoak, ekonomilari, abokatu eta aholkulariak. Martxoaren 26an berriz, enpresen tranmisiorako gizarte ekonomiak eskaintzen dituen formulak jorratuko dira, hau da, kooperatiba bihurtzeko aukeraz eta lan sozietateez berba egingo da. Gizarte ekonomia sustatzeko dauden programa eta laguntzez ere xehetasunak emango dira.

  Geroa bermatuz izeneko jardunaldi hauek epe labur-ertainean enpresaren eskualdaketaren aurrean egon daitezkeen eta hura eskuratzea bideragarri den aztertu nahi duten enpresetako zuzendari eta langileei nahiz enpresa eta pertsona ekintzaileekin lan egiten duten eskualdeko eragileei zuzenduta daude.

  Enpresak transmititzeko prozesuari buruzko jardunaldi hauek martxoaren 12 eta 26an, goizez, 9:30tatik 13:00 bitartean egingo dira Debagoieneko Mankomunitateak Arrasaten duen egoitzan. Izena emateko epea zabalik dago. Informazio gehiagorako mankomunitateko Garapen agentziara jo daiteke.

Iturria: Oñati Irratia