Enpresagintza Fakultatea ikusi eta bertako eskaintza akademikoa aurkezteko 12 ate ireki jardun egingo dira ikasturte honetan

2020/11/05
LEINN eta myGADE ikasketak berezitu dira eta bisitek aforo mugatua izango dute

  Pandemia egoerara egokitu ditu Mondragon Unibertsitateak ate ireki jardunak. Batzuk online izango dira eta aurrez aurrekoak berriz, aforo mugatuaz osatuko dira. Oñatiko Enpresagintza fakultatean ate ireki jardun orokorrak egin izan dira urteetan eta bertan eskaintzen diren bi graduak batera aurkeztu izan dituzte. Baina ikasketak bereiztea erabaki da aurten, ahalik eta talde txikienak osatze aldera. Hala, LEINN edo Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza graduetarako seina ate ireki jardun antolatu dira ikasturte honetan. Guztiak aurrez aurre egingo dira, printzipioz, eta ikasle bakoitzeko gehienez hiru pertsona joan ahal izango dira.

  Lidergo Ekintzailetza eta Berrikuntza graduaren inguruko lehenengo ate ireki jarduna etzi, larunbatean bertan beteko da. Hurrengoak, abenduaren 5ean, urtarrilaren 28an, otsailaren 27an, apirilaren 17an eta maiatzaren 8an izango dira. Urtarrilekoa arratsaldeko 17:30tan hasiko da, gainontzekoak, 11:00tan hasiko dira.

  Enpresa administrazioa eta zuzendaritza graduari dagozkion ate ireki jardunak ere sei izango dira: azaroaren 14an, abenduaren 12an, otsailaren 6an, martxoaren 6an, apirilaren 24an eta maiatzaren 13an. Kasu honetan, lehenengo bostak 11:00tn hasiko dira, eta maiatzekoa, 18:30tan.

  Ate ireki jardun hauetan, formakuntza eskaintza aurkezten da eta instalazioak bertatik bertara ikusteko aukera dago. Jardunaldi bakoitza bi ordu ingurukoa izaten da eta zalantzak argitu daitezke graduetako koordinatzaileekin, zuzenean parte hartzen baitute aurkezpenetan. Parte hartzeko interesa dutenei, aurrez izena ematea eskatzen zaie www.mondragon.edu web atarira sartuta edo honako telefono zenbakira deituta: 943 712 185

Iturria: Oñati Irratia