Enpresa txiki eta ertainentzako laguntza planaren aurkezpena egingo du bihar Mankomunitateak

2021/03/23
Planak 68 laguntza programa biltzen ditu eta 433 milioi euroko aurrekontua du

  Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak enpresa txiki eta ertainentzako 2021eko laguntza plana aurkeztu berri du. Ekonomia suspertzea eta kalitatezko enplegua sortzea da laguntza hauen helburua, garapen jasangarriari arreta berezia eskainiz. Planak, 68 laguntza programa biltzen ditu eta 433 milioi eurok aurrekontua du.
ETE edo enpresa txiki eta ertainei zuzendutako laguntza plan honen aurkezpena egiteko jardunaldia antolatu du Debagoieneko Mankomunitateak bihar goizerako.

  Jardunaldia eskualdeko enpresei zuzenduta dago, bereziki tamaina txiki eta ertaina dutenei, industria sektorean dihardutenei eta hauei lotutako zerbitzuetakoei. Biharko saioaren helburua enpresei zuzendutako dirulaguntza eta programen inguruan informazioa ematea da. Horretarako, laguntza lerro ezberdinen inguruko azalpen laburrak antolatu dira.

  Aurrez aurre nahiz modu telematikoan jarraitu ahal izango diren jardunaldiok 9:00tatik 10:30tara luzatuko dira. Lehenik, SPRI-Enpresa Garapenerako euskal agentziaren zuzendari nagusi Aitor Urzelaik ETEei zuzendutako laguntza planaren aurkezpena egingo du. Ondoren, berrikuntzarako, eraldaketa digitalerako, garapen industrialerako, nazioartekotzerako, bio-ekonomia, ekonomia zirkularra eta ingurumenerako nahiz trantsizio energetikorako laguntzen berri emango dute erakunde publiko ezberdinetako ordezkariek.

  Jardunaldiok presentzialki edo modu telematikoan jarraitu ahal izango dira baina aurrez izena ematea beharrezkoa da. Argibide gehiagorako edo izena emateko Debagoieneko Mankomunitateko Garapen Agentziara jo behar da, honako telefono zenbakira deituta: 943 793 090.

Iturria: Oñati Irratia