Enpresa berriak sustatzeko laguntzen oinarriak onartu eta aurtengo deialdia egitea proposatuko da gaurko Osoko Bilkuran

2017/04/27
Lan zerrendan 9 gai jaso dira

  Udalak urteak daramatza enpresak berriak sustatzeko laguntzak ematen. Bi laguntza mota ematen dira: enpresa ideiaren bideragarritasun azterlana egiteko aholkularitza teknikoa batetik, eta sortutako lanpostuengatik diru laguntzak bestetik.
22.500 euroko diru poltsa du udalak aurten laguntza hauetarako. Oinarriak eguneratu dira eta horiek onartu ditzan eta 2017ko deialdia egitea proposatuko zaie udalbatza osatzen duten kideei.

  Lan eta ekintzailetza kontuekin jarraituz, Olaburuko zentroan lokalak erabiltzeko eskaerak, udalaren lanpostuen zerrendan aldaketa batzuk egitea eta langile baten eskaerari erantzunez antzinatasuna errekonozitzea aztertuko da. Zuazola-Larraña ikastetxean egin asmo diren obretarako hobari eskaera eta Etxehaundi areako xehetasun azterketa behin betiko onartzea ere eztabaidatuko da arratsaldeko bilkuran.

  Gai gutxi eta horietako zenbait tramitezkoak direla ikusita, ez dirudi apirileko Osoko Bilkurak luze joko duenik. 19:30tan hasiko da, ohitura denez.

Iturria: Oñati Irratia