Enpresa berriak sustatzeko dirulaguntzak ematen jarraituko du udalak

2019/04/15
20.000 euroko diru poltsa berezitu da aurten eta laguntzak azaroaren 29era arte eskatu daitezke

  Enpresa berriak sustatzeko oinarri arautzaileak eta deialdia onartu ziren azken Osoko Bilkuran. Iragarkia berriz, pasa den asteazkenean argitaratu zen eskaeretarako epea irekiz. Oñatin enpresa jarduera berri bat sortzen duen orok eskatu dezake udalaren dirulaguntza. Baldin eta, herrian erroldatuta badago, gutxienik, enpresa eratu baino sei hilabete lehenagotik. Sortzen den enpresa berriak ere Oñatin izan behar du egoitza soziala eta fiskala, eta lantokia bera ere bai.

  Enpresa berriak esanda, gehienez urtebeteko antzinatasuna duten enpresa jarduerak ulertu behar dira, eta hori egiaztatzeko, Ekonomia Jardueraren gaineko Zergan alta eman zeneko data hartuko da kontuan. Dirulaguntza eskaerarekin batera, aipatu altaren egiaztagiria aurkeztu beharko da. Eskaerarekin batera presentatu beharko dira baita ere, gizarte segurantzako alta egiaztagiria, enpresa proiektuaren aurkezpena edo bideragarritasun azterlana eta dirulaguntzaren xede diren lanpostuen titularren nortasun agiriaren kopiak. Izan ere, hauek bat baino gehiago izan baitaitezke, eta udalak, enpresaren alta ematen den momentuan, enpresaren sustatzaileek sorturiko lanpostu bakoitzeko diru laguntza emango du. Orokorra, 1500 euro lanpostu bakoitzeko da baina aktibitatea lehenengo sektorean sortuz geroz, bikoiztu egingo da, eta 3000 euro lanpostuko emango da.

  Udalak 20.000 euroko partida berezitu du aurten enpresa berriak sustatzeko dirulaguntzetarako. Eskaerak egiteko epea zabalik dago azaroaren 29ra arte. Enpresa berriak sustatzeko udal dirulaguntzak urteetan eman dira. Iaz esaterako, 4 eskaera onartu ziren eta 5 lanpostu berriren sorrera diruz lagundu zen. 2017 eta 2016an  8na dirulaguntza banatu ziren, 2015ean 12 eta 2014an 15.

  Udala ez da ordea, era honetako dirulaguntzak ematen dituen erakunde bakarra, Lanbidek, Foru Aldundiak edota Eusko Jaurlaritzak ere badutelako halako laguntza lerrorik. Horiekin bateragarria izan zedin, berrikusi ziren orain hiru urte egun indarrean dauden enpresa berriak sustatzeko laguntzen oinarri arautzaileak.

Iturria: Oñati Irratia