Enpresa berriak sustatzeko 32.000€ ditu aurten Udalak

2016/09/19
Diru laguntzak, azaroaren 15era arte eskatu daitezke

  Enpresa berriak sustatzeko Udalaren diru laguntzak aspalditik ematen dira, baina oinarri arautzaileak berrikusi dira beste erakunde batzuek ematen dituztenekin bateragarriak izateko. Enpresa berriak eta enplegu-sorrera sustatzea da Sozioekonomia Batzordeak kudeatzen dituen diru laguntza hauen helburua. Oñatin, enpresa jarduera berri bat sortzen duen orok eskatu ditzake. Baldin eta, herrian erroldatuta badago, gutxienik, enpresa eratu baino sei hilabete lehenagotik.

  Bi laguntza mota eskaintzen dira: enpresa bera sortu aurretik negozioaren bideragarritasuna aztertzeko aholkularitza teknikoa batetik, eta enpresa eratuta, sortutako lanpostuengatik diru laguntza, bestetik. Sortutako lanpostu bakoitzeko ematen den diru kopurua igo egin da; lehen, 1000 euro ematen ziren eta arautegi berriaren arabera, 1500 euro emango dira. Horri, beste 1500 euro batu diezazkioke baldin eta, sortu den enpresa berriak lehen sektorean badihardu. Horretan ez dago aldaketarik. Izan ere, Udalak lehen sektorearen alde hartutako neurrietako bat baita sektore honetan sortutako enpresei diru laguntza gehigarria ematearena. 

  Udalak, 32.000 euroko partida berezitu du enpresa berriak sustatzeko diru laguntzetarako. Eskaerak egiteko epea zabalik dago azaroaren 15era arte. Diru laguntza eskuratzeko oinarrizko hiru baldintza bete behar dira: Eskatzaileak gutxienez 6 hilabeteko antzinatasunaz Oñatin erroldatuta egon behar du; enpresa berria Oñatin kokatu behar da eta egoitza soziala eta fiskala bertan izan behar du; eta enpresa berria azken urtebetean sortutakoa izan behar da, horretarako, ekonomia jardueren gaineko zergan alta eman zen data hartuko da kontutan.

  Enpresa berriak sustatzeko udal diru laguntzak urteetan eman dira. Iaz, halako 12 banatu ziren, 2014an 15 eta 2013an berriz, 19. Udala ordea ez da era honetako diru laguntzak ematen dituen erakunde bakarra, Lanbidek, Gipuzkoako Foru Aldundiak edota Eusko Jaurlaritzak berak ere badutelako halako laguntza lerrorik. Horiekin bateragarria izan zedin, berrikusi ziren enpresa berriak sustatzeko laguntzen oinarri arautzaileak. Uztaileko Osoko Bilkuran onartu ziren bai oinarriak eta baita deialdia egitea ere.

Iturria: Oñati Irratia