Enplegu eta Gizarte Segurantza Ministerioak bidalitako 545 gutun batu dira hartarako herrian jarri ziren kaxetan

2018/02/12
Card image cap
Postetxera eraman dira Madrilera itzuli ditzaten

  Herriko hainbat pentsionisten ekimenez, pentsio duinak eskatuz ekintzak burutzen ari dira gurean. Azkena, herriko zortzi lokaletan batu diren gutunak Madrilera, Enplegu eta Gizarte Segurantza Ministeriora itzultzea. Pentsioak aurten jaso diren %0.25 lotsagarria dela azaltzeko protesta moduan antolatu baita gutunen itzulketa. Hala, 15 egunez, herriko lokal ezberdinetan Enplegu eta Gizarte Segurantza Ministerioak berak helarazitako gutunak jaso dira, Rehusado hitza alboan idatzi ondoren.

  Pentsio duinen alde eta gutxienez KPIaren maila berean eguneratzen diren pentsioak izatea aldarrikatzeko elkarretaratzea egin da eguerdian plazan. Pasa den astelehenean ere egin zen eta datorrenerako berriro deitu da. Elkarretaratzean, zapatura arte batu ziren gutunen kopurua jakinarazi da eta bide batez, ekimenean laguntzaile izan diren denda eta lokaletako arduradunei eskerrak eman zaizkie. Ondoren, gutun guztiak postetxera eraman dira bertatik Madrilera itzultzeko. 545 gutun batu dira herriko dendetan jarritako kaxetan, baina izan da, bere kabuz, Ministerioaren jakinarazpenari uko egin eta postetxera zuzenean itzuli duenik ere.

  Datorrenari begira, eta informazio gehiago iritsiko delakoan, hilaren 19an berriro elkartzea erabaki dute herriko pentsionistek. Gaurkoa eta pasa den astekoaren antzera, hurrengo elkarretaratzea,12:00tan plazan izango da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!