Emakumeok planto! lemapean 4 orduko lan uzteak, amantalak leihoetan eskegi eta elkarretaratzeak deitu dira martxoaren 8rako

2018/02/19
Card image cap
Emakumeek bereziki arlo pribatuan egiten duten lana ikusgarri egiteko mobilizazioak dira

  Lana aipatzean ordaindutako lana datorkigu gehienoi burura, lan produktiboa. Baina bada lan reproduktiboa deritzona, zaintza lana alegia, gehienetan ordaintzen ez dena eta nagusiki emakumeek egiten dutena. Hori ikusgarri bihurtu eta emakumeen jarduna zein garrantzitsua den azaldu asmoz deitu dira martxoaren 8rako lau orduko lan uzteak, emakumeen artean. Euskal Herriko talde feministek bat egin dute nazioarte mailan zabaldu den deialdiarekin. 

  Debagoienean, herri eta eskualdekako ekintzak antolatzen ari dira martxoaren 8rako ez ezik, aurreko larunbaterako ere bai. Martxoaren 3an San Prudentzio Debagoieneko emakumeen bilgune bihurtu nahi da. Hala, eskualdeko herrietatik irtengo diren martxek bat egingo dute Elorregin, larunbat eguerdian. Martxoaren 8ko ekitaldiak berriz, herrika antolatu dira. Emakumeen Nazioarteko Egunean, lau orduz lana uztea eskatzen zaie emakumeei, 11:00tatik 15:00tara edo 18:00tatik 22:00etara. Deia, etxetik kanpora nahiz etxean lan egiten duten emakumeei zuzenduta dago. Egun horretan, eta sinbolikoki, amantalak leihoetan eskegitzea eskatu da eta lana uzterik ez dutenei, besoetako moreak eramatea. Kontsumo greba ere deitu da, bereziki denda handitan ez erostea, bertan lanean diharduten emakumeen baldintza exkaxen kontrako protesta moduan. Elkarretaratzeak ere egingo dira, Oñatin, hiru: 12:00tan plazan eta Olakuako urmaelaren ondoan eta 19:00tan plazan.

  Martxoaren 8ak sorreran izan zuen aldarrikapen eta borroka kutsua berreskuratu nahi da lan-uzte eta gainontzeko mobilizazioekin. Guztiaren berri emateko kartelak eta orri informatiboak jarriko dira herrian eta bebarruetan eta esku-orriak ere banatuko dira. Emakumeek arlo ekonomiko eta sozialean nozitzen duten diskriminazioa agerian utzi eta salatu nahi da. Gizon eta emakumeen arteko soldata arrakala, zaintza lanetan egiten duten lan orduen aldea edota etxe barruko langileen egoera kaxkarra salatu nahi da, baita indarkeria matxista eta arrazakeria ere, besteak beste.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!