Emakumeentzako Jabetze Eskola antolatu du Udalak

2018/10/03
Card image cap
5 ikastaro eta hitzaldi eta proiekzio-solasaldi bana egingo dira udazkenean

  Udaleko Berdintasuna Sailak gertu du Emakumeentzako jabetze eskolaren udazkenerako egitaraua. Gaur bertan banatuko da etxeetara eta interesa duenak izena eman ahal izango du jada. Urritik abendura bitartean, 5 ikastaro, hitzaldi eta proiekzio-solasaldi bana antolatu dira.

  Lehenengo tailerra urriaren 16an hasiko da: Zure emozioez jabetu tailerra. Aran Erasun Urtzelaietak dinamizatuko duen tailer honek 12 orduko iraupena izango du eta asteartetan emango da, urrian, 16 eta 20ean eta azaroan, astero, 14:00tatik 16:00tara. Ikastaroan barne konfiantza indartzeko bidea egingo da, emozioen kontzientzia landuz.

  Urriaren 22tik abenduaren 10era arte astelehenero berriz, Elektrizitate ikastaroa egingo da, arlo horretan emakumea ahaldutzeko helburuz. Paz Carbajosak emango du tailerra eta 18:00tatik 20:30tara izango da. Guztira, 20 orduko ikastaroa izango da, Dantza eta perkusio afrikar ikastaroaren antzera. Anne Agirre dantzariak eta Elena Santos eta Sheila Tirado perkusionistek emango duten tailer honetan, ariketa aerobikotik haratago norberaren gorputza ezagutu eta bizipen eta sentimenduekin konektatzeko atea zabaltzen saiatuko dira. Dantza eta perkusio afrikar ikastaro hau urriaren 30ean hasiko da eta elkarren segidako 8 asteartetan emango da, 18:00tatik 20:30tara.

  Aurreko urteetan bezala, eskalada eta autodefentsa ikastaroak ere antolatu dira, oinarrizko eta sakontze mailatan.
Eskalada ikastaroa, oinarrizko mailan, larunbat goizetan emango da eta sakontze maila berriz, ostiral arratsaldetan. Biak, 18 orduko ikastaroak izango dira eta Patri Espinarrek eta Ion Agirrek gidatuko dituzte. Sakontze mailako ikastaroa azaroaren 9an hasiko da eta oinarrizko mailari dagokiona, hurrengo egunean, azaroaren 10ean. Eta udazkenerako ikastaroen eskaintza osatuz, autodefentsa feminista ikastaroak egingo dira, hauek ere, oinarrizko eta sakontze mailatan. Oinarrizkoa azaroaren 17an izango da, goiz eta arratsaldez, eta sakontze mailakoa, azaroaren 15, 22 eta 29an arratsaldez. Ikastaroan zehar indarkeria sexista identifikatu eta aurre egiteko tresnak eskainiko dira.

  Ikastaro hauetan parte hartu ahal izateko aurrez izena eman behar da. Horretarako epea zabalik dago jada eta tailerra hasi baino 8 lanegun aurretik itxiko da. Urriaren 16an hasiko den Zure emozioez jabetu ikastaroaren kasuan, eskuzabaltasunez jokatuko da, jaiak tartean direla kontuan hartuta. Izena, udaletxeko harrera bulegoetan eman daiteke edota udaleko web atariko formularioa beteta.

  Izenik ez da eman beharko azaroaren 21 eta 22an izango diren ekitaldietarako. Azaroaren 21ean emakumeak eta pentsio sistemaren inguruko hitzaldia emango da eta 22an berriz, Arrasateko emakume musulmanek eskatuta Itziar Bastarrikak egin zuen Bideak gurutzatzen dokumentala pantailaratu eta ondoren solasaldia egingo da.

  2018ko udazkenerako antolatu den Emakumeentzako jabetze eskolaren egitaraua, herriko etxe guztietara banatuko da gaur bihar bitarte.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!