Emakumeenganako indarkeriaren kontrako nazioarteko egunaren inguruan, EH Bildu eta EAJ udal taldeen mozio bateratua aurkeztuko da gaurko Osoko Bilkuran

2016/11/24
Card image cap
Lan zerrendan 11 gai jaso dira

  Bihar, azaroaren 25a izango da emakumeen kontrako indarkeria ezabatzeko nazioarteko eguna. Urtero, udalbatzak, egunaren inguruko adierazpena onartu ohi du. Gaur ere, mozio gisa aurkeztuko da gaia arratsaldeko Osoko Bilkuran. Udalbatza osatzen duten bi taldeek adostutako idatzia izango da. Baina beste bi adierazpen ere azalduko dira arratsaldeko bilkuran: Altsasuko gertakarien inguruko atxikimendu idatzia batetik, eta Arantzazuko harrobiaren inguruko adierazpena bestetik. Bi gai hauen inguruan udalbatzako kideak bat ote datozen ez da aurreratu, bakoitzaren jarrera, Osoko Bilkuran zehar ezagutuko da.

  Aipatutakoak, gaurko lan zerrendan jaso diren azken aurreko hiru gaiak dira, azkena beti ere, galde erreguen atala izaten baita. Aurretik, beste 7 gai zerrendatu dira eta aipagarria da, gehienak, Olaburu zentroko lokalak erabiltzeko eskaerak edota gai ezberdinen inguruko Alkate Dekretuak direla. Landa-bideak hormigoitzeko 2016ko diru laguntza deialdia arautuko dituen oinarriak ere gaurko Osoko Bilkuran proposatuko dira. Orain bi urte ere, udalak, baserrietarako bideak hormigoiztu zituzten lagunei zuzenduta, gastua arintzeko diru laguntzak eman zituen. Bi urteren buruan, deialdia errepikatzeko aukera aipatu zen eta deialdia, orain egitea erabaki daiteke arratsaldeko bilkuran.

  Bilkura zuzenean eskainiko du Oñati Irratiak (FM.107.4). 19:30tan hasiko da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!