Emakumeei zuzendutako Udaberriko Jabetze Eskola antolatu du udalak

2019/12/16
Card image cap
Astean banatuko da informazio liburuxka eta irekiko da izen-emate epea

  Udazkenean abiatutako egitaraua osatuz, udaberriko jabetze eskola antolatu du udaleko Berdintasuna departamentuak. Urtarriletik maiatzera bitartean iraupen eta gai ezberdinen inguruko 8 ikastaro egingo dira. Tartean, ia klasiko bihurtu diren autodefentsa edo brikolaje ikastaroa izango dira baina proposamen berriak ere bai.

  Berrikuntzen artean emakume migratuei zuzendutako psikologia tailerra aipatu behar da. Dinamika parte hartzaileen bitartez migrazio prozesuei, indarkeria esperientziei eta arrazakeriari lotutako ondoezak eta deserrotzeak landuko dira. Konfiantza eta konfidentzialtasun espazio batean autozaintza psiko-afektiborako tresna kolektiboak sortu eta indartzen saiatuko dira. Martxoaren 8aren haritik, Oñatin bizi edota lan egiten duten migrantuen hainbat topaketa egin dira Eltzian,
elkar ezagutu eta kezkak partekatzeko. Zenbait emakume migratuk adierazi duten beharra osatzera letorke martxoaren 28rako antolatu den emakume migratuentzako psikologia tailer hau. Bi hilabete lehenago, urtarrilaren 29an, hain zuzen, emakume baserritarren ahotsak biltzen dituen Erroa eta geroa dokumentala aurkeztu eta solasaldirako tartea irekiko da Gogoeta feministarako espazioa deritzon tartean.

  Jabetze eskolaren udaberriko eskaintza honetan bestalde, emakumeak saretu eta espazio sozial eta politikoetara bideratzeko ahalduntzea ere landuko da, maila indibidualeko ikastaroekin batera. Hala, Saretze feminista ikastaroa egingo da urtarriletik apirilera eta jarraian, apiriletik maiatzera, espazio publikoarekiko beldurrak ulertzeko (eta gainditzeko) gakoak  ikastaroa. Bestela Sexualitate eta psikoerotismo femeninoa, Sakontze mailako Brikolaje ikastaroa,  Nire ni-ak, emakumeok gure burua zaintzen eta autodefentsa feminista ikastaroak egingo dira.

  Egitarau-liburuxka banatzen hasi dira jada eta bihar-etzi bitartean herriko etxe guztietara zabaltzea aurreikusten da. Horrekin batera irekiko da izena emateko epea. Plaza mugatuak dira eta ikastaro bakoitza hasi aurreko 8 lanegunen aurretik eman behar da izena. Horretarako, liburuxkak amaieran duen orria bete eta udaletxean, HAZ zerbitzuan entregatu edo www.oñati.eus atarian aktibatuko den formularioa bete daiteke.

  Emakumeentzako Jabetze Eskola Andraitz talde feministak jarri zuen martxan eta emakumeen topaketarako, eztabaidarako zein formaziorako espazio bat eskaintzea izan da helburua, hasieratik. Udalak hartu zuen ondoren Jabetze Eskola antolatzearen ardura baina helburuek bere horretan diraute.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!