Emakumeei zuzendutako Udaberriko Jabetze Eskola antolatu du udalak

2019/01/20
Aurreko urteetan bezala, autodefentsa eta batukada ikastaroak eskainiko dira baina berrikuntzak ere badaude

  Bigarren urtea da udaleko Berdintasun departamentuak Emakumeentzako Jabetze eskola antolatzen duela.  Hasi zenetik arrakasta handia izan du emakumeen artean izan ere, azken urteetan 30 ikastarotik gora antolatu dira eta 200 emakume baino gehiagok hartu dute parte. Hori dela eta, aurten ikastaroak bi multzotan banatzea erabaki dute . Otsailean hasi eta maiatza bitartean eta  urria eta abendua bitartean.

  Datozen hilabeteotan, emakumeei zuzendutako zazpi ikastaro eskainiko dira eta berrikuntza gisa, gizonezkoei zuzendutako ikastaroa ere emango da. Pentsatzen ikasi eta pentsatzeari uzten ikasi; Bizitzaren labirintoak. Krisiak eta doluak; Mendi orientazioa; Oinarrizko mekanika; Autodefentsa feminista; Irakurle eskola feminista; eta Batukada feminista ikastaroak antolatu dira. Horiez gain, antzezlan bat, zine emanaldiak eta gizonentzako desahalduntze ikastaroa ere egongo dira.

  Emakumeentzako Jabetze Eskola Andraitz talde feministak jarri zuen martxan eta emakumeen topaketarako, eztabaidarako zein formaziorako espazio bat eskaintzea izan da helburua, hasieratik. Udalak hartu zuen ondoren Jabetze Eskola antolatzearen ardura baina helburuek, berorretan diraute.

  Lehenengo ikastaroa otsailaren 6an hasiko da eta dagoeneko zabalik dago izena emateko epea. Plaza mugatuak dira beraz izena emateko, ikastaro bakoitza hasi aurreko 8 lanegunen aurretik eman behar da. Horretarako, orri bat bete eta udaleko erregistroan entregatu beharko da edo www.oñati.eus atarian dagoen formularioa betetzea ere posible da.

Iturria:Oñati Irratia