Oñatiko udala

Emakumea eta baserria dikotomia aztergai izango da bihar

2016/10/26
Card image cap
Herriko emakume baserritarrak parte hartzera bereziki gonbidatzen dira

  Nekazaritza munduan bizi diren herriko emakumeen egoerari buruz berba egiteko saioa egingo da bihar arratsaldean. Udaleko Berdintasun Departamentuak antolatuta, Usurbilgo emakumeekin egindako dokumentala eskainiko da eta HITZEZ elkarteko ordezkariekin, eta bertaratzen diren guztiekin, mahai ingurua egingo da ondoren.

  Oñatiko emakume baserritarren egoera eta beharrak ezagutu nahi dira, estereotipoetatik haratago, beraien eguneroko errealitatea jaso nahi da, ahal dela, hobetzeko helburuz. Baina horretarako, emakumeak biltzea ezinbestekoa da eta horregatik, publiko orokorrarentzat baina bereziki herriko emakume baserritarrentzat antolatu dira biharko bi ekintzak. Bide batez, sarritan baserriaren eta familiaren sostengu izan diren eta diren emakumeei aitortza egin nahi zaie.

  Orain hiru urte, Usurbilgo Udaleko Berdintasuna Sailak, emakume baserritarren inguruko ikerkuntza beka argitaratu zuen eta horren haritik sortu zen LURRA, LANA, IZANA: USURBILGO EMAKUMEEN AHOTSA izeneko dokumentala. Horixe pantailaratuko da bihar 16.00tan Bidebarrieta kaleko Euskaldun berria gelan. Ondoren, eta HITZEZ Baserriko Emakumeen Elkarteko ordezkariekin, mahai ingurua egingo da. Baina herriko emakume baserritarren iritziak ere jaso nahi dira eta horregatik, hurbildu eta parte hartzera bereziki gonbidatzen dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!