Emakume ekintzaileei buruzko mahai-ingurua antolatu du EAJk biharko

2020/03/02
Card image cap
Emakume ekintzaileen egunerokoa bistaratu eta ahalduntzea da helburua

  Emakume ekintzaileak bistaratu eta euren arazo, egoera, eredu, esperientzia ezberdinak partekatu eta ikusarazteko helburuz antolatu du EAJk biharko mahai-ingurua, emakumeak, oro har, ahalduntzeko.

  Pili Kaltzada kazetariak gidatuko duen ekitaldian, Gipuzkoako Foru Aldundiko berdintasun zuzendari Miren Elgarrestak, ASPEGI Gipuzkaoko emakume ekintzaileen elkarteko presidente Nerea Ibañezek eta hiru belaunalditako Oñatiko emakume ekintzaileek parte hartuko dute.

  Belaunaldi eta profil ezberdineko emakumeak bilatu dira propio mahai-inguruan parte hartu dezaten, horrela istorio eta errealitate ezberdinak partekatzeko aukera izango delakoan. Baina orokorrean, emakume ekintzaileei merezi duten aitorpena egin nahi dietela esan du Marijo Etxegoienek, Berdintasun batzordeko zinegotzi jeltzaleak.

  Biharko mahai-ingurua sei bloketan antolatu dute:  ahalduntze ekonomikoa; kontziliazioa, erantzunkidetasuna, zaintzak… ; estereotipoak eta emakume profesionalen ikusgarritasuna; maskulinitate berriak; herri-mailan eragitea eta aldaketa kulturala  aldaketa soziala ere ba ote den. Bertaratzen diren herritarrek galderak egin edo beraien esperientzia azaltzeko aukera ere izango dute. Mahai-ingurua herriko emakumeei baina orokorrean herritar guztiei, baita gizonezkoei ere zuzenduta dago. Bihar izango da, 19:00tan, udaletxeko areto nagusian.

  Oñatiko EAJk antolatu duen mahai-ingurua herri mailan emakumeen arteko sinergiak eta harremanak sortu eta benetako berdintasunerako pausoak elkarrekin emateko eta elkarren babes eta esperientziaz aberasteko helburuaren baitan kokatzen du. Hau da, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lantzeko jeltzaleek etengabe egiten duten ahaleginean.


Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!