Elurteen aurrean jarduteko herritar boluntario taldeak eratu nahi ditu udalak.

2013/02/25
Auzolanean aritzeko gertu dauden herritarrek, izena eman behar dute.

  Udalak, balizko elurte bati ahalik eta berme handienarekin eta egokien erantzun ahal izateko auzolana berreskuratzea aurre ikusten du. Egun udalak dituen pertsonal baliabideak, bolondres brigadekin osatu nahi du. Beti ere, guztiak era koordinatu batean elkarlanean arituz. Udaleko larrialdi planeko taldeak egitasmo koordinatua martxan jarri nahi du.

  Herria 4 gunetan banatu da eta gune bakoitzerako udal pertsonal eta makineria izendatu da. Hauen egitekoa gune horretako zutabe edo arteria garrantzitsuenak garbi eta seguru mantentzea izango da. Baina herritar boluntarioak ere behar dira etxe edota komertzioen atarietatik arteria nagusi horietarako bideak zabaltzeko.

  Eta hori da orain udaletik zabaldu den deialdia. Boluntario gisa parte hartzeko gertu leudekeen herritarrak behar dira. Udalak, bolondres hauen esku, elurra kendu eta bideak garbitzeko bitartekariak jarriko ditu: palak eta gatza, esaterako.

  Elurra garbitzeko ardura, herritar guztiei dagokiela uste dute udal ordezkariek. Horregatik, guztion elkarlana eskatzen da, auzolanean auzo eta atari inguruak garbitzeko konpromisoa hartuz gero, guztiok arriskurik gabe ibiltzeko moduan izango baikara.

  Auzolanerako bolondres brigada hauetan izena ematen dituzten herritarrei asegurua egingo litzaieke egun horietarako. Auzolanean parte hartzeko interesa dutenak mezu elektroniko bat bidali behar dute honako helbidera: partehartzea@oinati.net . Mezuan,  izen abizenak , bizi den auzoa, Nortasun agiriaren zenbakia eta kontakturako e-posta eta telefonoa adierazi beharko da. Interesatu guztiekin bilera bat egingo da, guneen aurkezpena egiteko, plana partekatu eta guztion artean ekintza plana erabakitzeko. Ordutegiak, txandak eta eremuak zehazteko, besteak beste.

  Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!