Oñatiko udala

Elurra kentzeko udal ibilgailuak goialderantz doaz auzobideak garbitzen

2018/02/28
Card image cap
Egoerak hobera egingo duela diote eguraldi prebisioek

  Udaleko elur protokoloa goizean goiz aktibatu da eta brigadako langileak, kale garbitzaileak eta udaltzainak lanean ari dira. Palaz hornitutako udal ibilgailuak herri guneko bideak garbitzen aritu dira lehen ordutan eta dagoeneko goialdera, auzobideak garbitzera abiatu dira. Elurra kostalderaino iritsi da gaur. Gipuzkoa osoa zuri esnatu da eta elur makinak barrualdeko errepideetara iristea zaildu du. Arrasatetik Bergararako bidean auto ilarak sortu dira lehen ordu horietan, eta ondorioz, Oñatira iristea ere ohikoa baino konplikatuagoa izan da. Baina orduek aurrera egin ahala zailtasunak arintzen joan dira eta eguraldia gainera lagungarri gertatzen ari da. Elurra botatzeari utzi baitio eta eguraldi iragarpenek diote egoerak hobera egiten jarraituko duela.

  12:00tan udal langileak lau orduz lana uztera deituta daude arren, elurra kendu eta bideak garbitzen dihardutenek horretan jarraituko dute etenik gabe.

  Autobus garraio publikoan arazo txiki batzuk izan dira eguneko lehen ordutan. Lurraldebuseko autobus bat ez aurrera ez atzera gelditu da San Lorentzo auzoan 7:30ak inguruan elur azprian zegoen izotzak eraginda. Zerbitzuan atzerapenak ere izan dira baina normalduz ari da. Herribusa ere martxan da.

  Eguraldi prebisioek diote prezipitazioak atertzera joko duela eguerditik aurrera eta elur kota gorantz joango dela. Hego-ekialdeko haizea zakartuko da eta horrek giroa epeltzen lagunduko du, bereziki arratsaldean.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!