Elurra 400 metrotara jaistean jarriko da martxan Oñatiko prebentzio plana

2016/01/15
Auzo eta baserri bideak garbitzeko traktorea gertu dago

  Elur prebentzio plana elurra 400 metrotara edo beherago egiten badu jartzen da martxan Oñatin. Eguraldi iragarpenek, elur kota gorago, 500nen bat metrora geratuko dela aurre ikusten dute. Udal arduradunak lasai daude baina zer gertatzen den zaintzen. Halaxe adierazi digu neguko plana koordinatzeaz arduratzen den Udaltzainburuak. Auzo eta baserri bideak garbitzeko traktorea gertu dago eta pala eta gatza zabaltzeko elementuak jarri zaizkio jada. Baina oraingoan, beharrik ez izatea espero du. Dena den, eta prebisioek kale eginda beharra balego martxan jarriko litzatekeela adierazi digu. Gatza ere prest dutela adierazi digu eta halakoen banaketa eta bestelako abisuak, Udaltzaingoaren bitartez koordinatuko direla zehaztu du. 

  Neguko protokoloak zehazten dituen zaintza-bitartekoak martxan dira. Udalaren neguko protokoloaren arabera, lau udal teknikari izendatu dira unean uneko beharren arabera dauden baliabide tekniko eta pertsonalak lanean jartzeko. Pertsonal aldetik, aipatu tekniko horiezaz gain, udal brigadako langileak eta udalak halakoetarako hitzartuta dituen enpresetako langileak aipatu behar dira. Bai kale garbitzaileak, bai lorezaintza lanetan aritzen direnak eta baita, auzo bideak garbitzeaz arduratzen diren langileak ere. Baliabide material aldetik, udalaren hiru ibilgailu elurra kentzeko palak edo gatza botatzeko elementuak jartzeko moduan daude. Kale garbitzaileek erabili ohi duten beste ibilgailu motordun bat ere elurra kentzeko prestatuta dago. Kaleak garbitzeko berriz, eskuz maneiatu daitezkeen motordun pala-makinak ditu udalak. Kale garbitzaileei eta lorezainei halakoak uzten zaizkie eta brigadako langileek ere erabiltzen dituzte. Motor gabeko gailuak ere baditu udalak. Neguko protokoloan, makinen erabilpen ardura ez ezik, eremua ere zehaztuta dago. Herria, lau zatitan banatuta dago eta bakoitzak badaki, zein gune garbitu behar duen. Eskuz maneiatzen diren makina hauek elurra garbitu eta gatza botatzeko aukera ematen dute. Gatza ez da falta Oñatin, udal biltegia ia beteta baitago. Baina, oraingoan ez dirudi elurra kale mailan egingo duenik ezta, 400 metrotara jaitsiko denik ere. Beraz, zain bai, arretaz ere bai baina aparteko larritasunik gabe begiratzen diote Udaltzaingotik urteko lehen elur prebisioei.

Iturria: Oñati Irratia