Eltziako zuntz-zementuzko estalkia kendu eta ordezkatuko da

2018/05/23
Card image cap
Lanak udazken hasierara atzeratuko dira amiantoaren manipulazioak duen protokolo bereziak eraginda

  Larraña 16 eraikinaren eraberritze lanen baitan teilatuaren zati nagusia konpondu zen iaz. Aula Magnaren gaineko teilatu zatia ordea, konpontzeke geratu zen. Euri ura areto nagusira ez ezik, gainean duen gelara sartzen da eta putzuak sortzen dira eraikin barruan, horrek duen arriskuarekin.

  2018ko udal aurrekontuetan jada teilatu zati hau konpontzea aurreikusi zen. Ezingo da ordea, edonola egin, teilatuak zuntz zementuzko estalkia baitu, hau da, amianto hautsa duen materiala, eta honen manipulazioak protokolo berezia jarraitzea eskatzen du. Ez hori bakarrik, hartarako propio baimenduta dauden enpresetara jo behar da lana esleitzeko. Amiantoaren Arriskua duten Enpresen Erregistroan inskribatuta dagoen Cerramientos Industriales CUBERTEC enpresari aurrekontua eskatu zitzaion, jakinik, era honetako lanetan eskarmentua zuela. Araudiak ezartzen duenez, kontratatzen den enpresak Amiantoaren Arriskua duten Enpresen Erregistroan egon behar du eta burutuko duen lanaren ezaugarriak eta babes neurriak zehaztuz Lan Plana aurkeztu behar du. Plan hori lan-agintaritzak onartu beharko du obrak hasi aurretik. 2 hilabeteko epea aurreikusten da tramite hori betetzeko. Beraz, lanak hasterako uda bukaera-udazken hasiera izango da.

  Gaia aztertu ondoren, eta Zerbitzu teknikariaren oniritzia kontuan hartuta, Eltziako zuntz-zementuzko estalkia kendu eta ordezkatzeko lanak Cerramientos Industriales CUBERTEC enpresari esleitzea erabaki du udal gobernu taldeak. Lan plana osatu, dagokion erakundean aurkeztu eta baimena jaso ondorengo lanei dagozkien aurrekontua 32.240,49 € gehi BEZa da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!