Eltziako Topagunea ekipatzeko prozesua abian da

2019/03/06
Topagunea erabilera ezberdinetarako egokitzeko diseinua osatuko da eltziakideekin elkarlanean

  Eltziako Topagunea espazio handia da, 234 metro karratu ditu. Baina hutsik dago gaur egun. Beharraren arabera muntaketa aukera ezberdinak eskainiko dituzten elementuez hornitu asmo da, gune erabilgarri bihurtzeko. Eltziaren bueltan ohitura denez, prozesu hau ere eltzekideekideekin elkarlanean eta partaidetzan egingo da.

  Lehenik, Topagunearen erabilerarako hausnarketa egin zen eta bete beharko lituzkeen funtzioak definitu ziren. Horren arabera balizko proposamen batzuk eskatu zitzaizkien arloan diharduten enpresei eta PEZ Estudio arkitektura bizkaitarren eskaintza onartzea erabaki zen. Enpresa honetako ordezkariak ostiralean egon ziren Eltzian, aurrez proposatutako diseinuak Topagunean nola egokitu, tokian bertan ikusi eta aztertzen.

  Topagunearen erabilera eta konfigurazioa optimizatu ahal izateko egoera ezberdinetara moldagarria izango den diseinua egingo da eta gutxienez, honako elementuak ekoitziko dira: informazio-harrera puntua, erakusketa espazioa, atseden eta bilera espaziorako beharrezko elementuak eta agertokia. Horretarako elementuak altzari mugikor, arin eta biltegiratze errazekoak eskuratzea aurreikusten da, muntatu ala ez, beharraren araberakoa izanik.

  Topagunearen diseinua eta ekipazioa zehazteko hainbat eltzekidez osatutako batzordea sortu da propio. Honek, udala eta PEZ arkitektura etxearekin elkarlana egingo du. Baina Eltzia erabiltzaileen asanbladak erabakiko du zer egingo den. Asmoa, parte-hartze prozesu hau udaberrian osatu eta Eltziako Topagunea udararako ekipatzea da. Hori ere eltzekideekin auzolanean egiteko aukera mahai gainean dago.

Iturria: Oñati Irratia

Eltziako Topagunea (Arg:DV)