Eltziako kudeaketa eredua definitzeko azken bilera egingo da bihar

2015/12/11
Taldeetan egindako azken gogoetak bilduko dira Eltziakideen arteko antolakuntza eta udalarekiko harremanak zehazteko

  Urrian martxan jarri zen prozesuaren helburua, Eltziako kudeaketa eredua definitzea da. Eta horixe adosten saiatuko dira biharko azken saioan.

  Eltziako kudeaketaz berba egiterakoan plano eta figura ezberdinen arteko harreman eta ardurak definitu behar izan dira eta horren haritik, eguneroko jarduna nola kudeatu. Eltzia gaur egun erabiltzen duten eta etorkizunean erabiliko duten talde eta kolektiboak daude batetik. Eta bestetik, eraikinaren jabe eta tarteka erabiltzaile ere izan daitekeen Udala.  Barne antolakuntza eta egitura zehaztu eta Eltziakide nahiz Udalaren arteko harremanak nola bideratu adostu behar da.

  Azaroko bileran, Eltziako egituraren lehen zirriborroa adostu zen eta bi asteko epea egon da horiek erabiltzaile talde bakoitzean azaldu eta eztabaidatzeko. Biharko bilera beraz,alde batetik  kolektibo  ezberdinek egin dituzten gogoeta eta ekarpenak batzeko izango da, eta bestetik lantalde ezberdinen eginbehar eta funtzionamendua erabakitzeko. Azken ordukorik sortzen ez bada, biharkoarekin, Eltziako kudeaketa eredua zehaztuta geratuko da. Beraz, oso garrantzitsua izango da azken batzar horretan erabakitzen dena.

  Aurreko bileretan bezala, oraingoan ere, egun Eltziakide diren edo etorkizunean bertan beren burua kokatzen duten talde eta kolektibo guztiak gonbidatzen dira. Eztabaida saioa Eltzian bertan egingo da, Gurutze Gorriaren gelan (Lagun Leku ondoan), 10:00etatik 13:00etara.

Iturria: Oñati Irratia