Eltziako fatxada nagusia eraberritu eta margotuko da

2018/04/15
Card image cap
Horma irudi koloretsua margotu aurretik tratamendu berezia emango diete paretei

  Eltziako hegoaldeko fatxada, fatxada nagusia eraberritu eta margotzeko erabaki hartu zen otsailaren 15eko Tokiko Gobernu Batzarrean. Baina udaberrira arte itxaron da lanak martxan jartzeko. Aste honetan bertan aldamioak jarri dira eraikin nagusian eta lanak laster hastea espero da.

  Eltzia eraikinaren barrualdea egokitzeko hainbat lan egin dira, parte hartzen duten talde eta kolektiboek bere zereginetarako eta elkarlanerako gune aproposa izan dezaten. Baina barrualdean egin den eraldaketa hori kanpoaldean ere islatu dadin, fatxada margotu eta horma irudi koloretsuz apaintzea erabaki da. Mural artistikoa eraikinak duen sorkuntza eta topagune izaeraren erakusleiho izatea nahi da. Margotuko den fatxada zaharkituta dago, 70. hamarkadatik ez baita itxuraldatu. Hasteko paretari beharrezkoa duen tratamendua emango zaio, izan ditzakeen kalteak konpondu eta margo berriari ahalik eta denbora luzeenean eutsi diezaion. Ondoren, horma irudia margotuko da.

  Eltziako fatxada nagusia eraberritu eta margotzeko bi aurrekontu eskatu ziren eta lana Arte y Muralismo etxeari esleitzea erabaki zen. Eltziako fatxadan margotuko den irudia, eltzekideen parte hartze eta adostasunez erabaki da. Koloretsua izango da eta Eltziak hartzen dituen kolektibo esparru ezberdinei erreferentzia egingo die.

  Margotu beharreko azalera handia da, 1805 metro karratu, gutxi gora behera. Lanak, eskailerak igota dagoen sarrera eraikinetik hasiko dira. Aldamioiak jarri dira jada. Hormari lehen tratamendua eman ondoren, hasiko dira murala margotzen. Eguraldiak margotze lana baldintzatu dezake baina udazkenerako amaitzea espero da. Lanek ia 60.000 euroko aurrekontua dute eta horma irudiak denboran iraun dezan, gutxienez, 10 urteko garantia eskatu dio udalak enpresari.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!